Saioa Lara: "Pertsonaia baten itxurak bere nortasuna erakutsi behar du"
Film ezagun askotako pertsonaien irudiaren atzean Saioa Lara markina-xemeindarra dago. Berak janzten ditu pertsonaiak, erraldoi bat, polizia bat, gazte bat edo zahar bat irudikatzeko.
Aspaldiko partez, denboraldi bat igarotzen ari da Markina-Xemeinen Saioa Lara Bilbao jantzi diseinu arduraduna. Etxean badago ere, ez dio lan egiteari utzi, eta hiru proiektu dauzka esku artean une honetan. Bere lanaren nondik norakoak azaldu dizkio HITZAri.
Ez da ohiko lana zurea. Nola hasi zinen produkzioko jantzien diseinuagaz?
Nik Magisteritza eta Psikopedagogia ikasi nituen, eta Irudi pertsonalaren eta korporatiboaren aholkularitza ikastera joan nintzen Bartzelonara. Lanean hasi nintzen modelo agentzi batean, eta irudi aldaketak egiten laguntzen nien bertara modelo izateko asmoz etortzen ziren 16-18 urte bitarteko neskatxoei. Gustatu egin zitzaidan mundu hori, eta, beraz, Produkzioaren diseinua ikasi nuen. Ikasketa horiek egin nituen, baina ez neukan buruan zineman lan egiterik. Egun baten, Fina Salegiren etxean izara batzuk tolesten ari nintzela, ea zergatik ez nuen film bategaz proba egiten galdetu zidan. Ni orduan ikasten ari nintzen, eta lantxoak eginez bizitza ateratzen nuen. Baina Finak lagun bati deitu zion, eta nire lehen lana dekorazioko merezidun moduan egin nuen, praktikak egiten dituen ikasle moduan.
Zelakoa izan zen lehen esperientzia hori?
70eko hamarkadako film bat zen Salvador Puig Antich, eta asko gustatu zitzaidan. Hori saltsa guztiori ikusi nuenean, hori zela nirea ikusi nuen, eta gero beste film batean sartu nintzen, eta beste batean, eta horrela jarraitu nuen aurrera. 2005 urtean izan zen hori. Ordutik, esperientzia hartzen eta ikasten joan naiz. Nire kabuz ikasi dut dena azkenean. Ikastaroetan ikasi nuena batez ere makillajera eta ile-apainketara zuzenduta zegoen, ez zegoen-eta zinemari zuzendutako horrelako ikasketarik. Gure lana pertsona bat karakterizatzea da. Irakurtzen, filmak ikusten, azken finean, lana eginez ikasi dut lanbide hau.
Ondoren, apurka-apurka izen handiko lanetan parte hartzen joan zara.
Oso arin, gainera. Beste batzuen artean hemengo lan garrantzitsuenak Lasa eta Zabala (2014), Loreak (2014), Arriya (2011), Handia (2017), La trinchera infinita (2019), Soinujolearen semea (2018) eta Agur Etxebeste! (2019) izan dira.
Eta zein da filmeetako jantzi diseinatzaile baten lanaren prozesua?
Lehenengo lantzen ari garen gidoia irakurri, aztertu eta interpretatzen dut, eta dena banakatzen joaten naiz. Liburu bat irakurtzen duzuenean bezala, pertsonaiak imajinatzen hasten zara, euren deskribapenagaz. Gidoian, esate baterako, jartzen badu gizon bizardun bat sartzen da, betaurrekoekin pertsonaia hori imajinatzen dut ezaugarri horiek kontuan hartuta. Horretarako, ohar guztiak idazten joaten naiz, eta gero, hori guztia ikusita, pertsonaiak nire erara imajinatzen ditut. Hori egin eta gero, zuzendariagaz egiten dut batzarra, eta berak azaltzen dit zelako pertsonalitatea daukan bakoitzak. Protagonistaren pertsonalitatea kontuan hartuta eta gidoian gertatzen dena aztertuta hasten zara zelan jantziko den irudikatzen. Izan ere, pertsonaia bat pantailan ikusten duzunean, dena esan behar dizu. Bere itxurak haren nortasuna erakutsi behar du; esan behar dizu zelakoa den, zer egiten duen, zelako usaina duen… arropatik ikusten duzu hori guztiori. Zuzendariagaz berba egin eta gero hasten naiz proposamenak egiten.
Eta filma garaikoa bada?
Garaikoak direnean irudia egin behar duzu, eta gaur egunekoa denean, Interneten bilatzen ditut arropak, eta joaten naiz proposamenak pasatzen. Zuzendariak eta biok argi daukagunean, erosi, alokatu edo josi egiten da behar duen guztia probak egiten hasteko. Jantzi batzuk erosi eta eraldatu, tindatu edo zahartu egin behar izaten ditugu, eta hori guztia pertsonaia bakoitzagaz eta figuranteekin.
Jantziak egokitu egiten dituzue orduan.
Erosten direnean disdira edukitzen dute arropek, eta garbitu egin behar dituzu, lixatu edo zulotxoak egin edo hautsa jarri. Esaterako, erori bada hautsa markatu behar diozu ukondoan, eta gero, sekuentzia horrek jarraipena badauka, argazkiak egiten dizkiogu ikusteko non egon den apurtuta edo zikinduta, gero, ostera ere, berdina egiteko, jarraipena emateko, sarritan bi hilabete ondoren filmatzen dute eta jarraipena. Baina alkandora hori erabili duzu, eta garbitu egin behar izan duzu. Dirua dagoenean, bost alkandora eduki ditzakezu, eta bakoitzagaz pase bat egin, baina dirurik ez dagoenean, bat edo bi ditugu bakarrik, eta, beraz, moldatu beharra daukagu. Hor ibiltzen gara, garbitu, josi, berriro apurtu…
Figuranteentzako ere bananbanan prestatzen dira jantziak?
Aurrekontuaren arabera izaten da hori. Aurrekontu handia badago eduki ahal dituzu kamioi handi bi arropaz beteta, etortzen den bakoitza aldatzeko zuk nahi duzun erara. Garaiko filmak direnean, beti alokatutakoa izaten da arropa guztia, eta osorik aldatu behar dituzu, galtzerdiak ere bai. Aurrekontu handirik ez dagoenean, figuranteei esan egin ahal diezu etxetik gutxi gorabehera modu batera jantzita etortzeko, honako koloreekin eta honako itxuragaz, eta, gero, egiten duzu ahal duzuna eurek ekarri dutenagaz.
Zaila ematen du lanak.
Lan gogorra da, eta ordu asko dira, egunean 11-12 ordu. Baina asko bizi dudan lana da, izugarri gustatzen zait.
Zuzendari ezberdinekin lan egin duzu, zenbat eta ezagunagoak izan lana exijenteagoa izaten da?
Ez dauka zerikusirik. Gehiago da zelako pertsona den. Batzuk gainean egoten dira, beste batzuk zure erara lan egiten uzten dizute. Konfiantzak ere badauka zerikusia. Batzuekin asko ibili naiz lanean, eta ezagutzen dute nire lana, konfiantza daukate.
Ze film motarako gustatzen zaizu lan egitea?
Berdin dit, niretzako film bakoitzerako egin behar dudan lana abentura berria da. Aktoreak ezberdinak dira, istorioa desberdina da, liburu berri bat irakurtzea bezalakoa da. Zenbat eta konplikatuagoa izan nahiago dut; nahaste handiagoa daukazu, baina zirraragarriagoa da.
Sari handiak irabazi dituzu. Nola bizi izan duzu hori?
Goyetara amagaz eta aitagaz joan naiz. Malagara bakarrik. Bezperan deitu zidaten Malagara joateko, 22:00ak aldera. Beste filmaketa batean negoen, eta «bihar goizean hegazkin bat hartu behar duzu Malagara joateko» esanez deitu zidan produktore batek. «Sari bat eman behar dizute». Bost edo sei urte neramatzan lanean, eta ez nekien horretaz gehiegi, eta halan joan nintzen. Ezustekoa izan zen.
Goyetara izendapenak eta saria etorri ziren gero.
Goyetan ere berdin. Hiru handigaz lehiatzen genuen, eta ez nuen espero saririk. Ezusteko handia izan zen, eta poz handia. Aurten ere, izendapenagaz oso pozik nengoen. Bagenekien saririk ez genuela lortuko; oso polita zen filma, baina jantzi aldetik ez da ikusi egin genuen lana. Izendatu gintuzten jantzien garapena ondo eginda dagoelako, baina lan handia egin genuen figurazio aldetik, prozesioak zeuden, gerra… lan handia. Pertsonaiak ikusten duen ikuspuntutik gauza asko ez dira ikusten, baina, bueno, izendapenagaz ere oso pozik geratu gara.
Filmaketak zenbat denborakoak izaten dira?
Lehen luzeagoak izaten ziren, baina, gaur egun, sei eta zortzi aste artekoa izaten da filmaketa. Prestaketa, ostera, bost-sei aste edo zortzi-hamabi artean, eskatzen duen lanaren arabera izaten da hori. Handiak, esate baterako, lan asko zuen, pila bat figurazio, eta Enekorentzat egin behar ziren gauzak bere handitasuna azaltzeko. Adibidez, orain lan egiten ari naizen filma prestatzeko zortzi aste ditut, eta gaur egunekoa da. Adostu egiten da epe hori. Zenbat josi behar den edo arropa erostekoa bada ere aldea dago. Josi behar denean denbora gehiago behar da, hiru hilabete gutxienez behar dira.
COVID-19ak eduki du eraginik zuen lanean?
Alerta egon denean, denak etxean geratu gara. Ni Kolonbian nengoen, Imanol Uriberen film bat filmatzera joan ginen. Bi egun generamatzan bertan, eta itzuli egin behar izan ginen. Bi edo hiru asteko probak egiten hasi behar ginen, baina ezin izan genituen egin. Film guztiko arropak eta osagarriak hamasei kaxatan ditugu gordeta kontainer batean. Seguruenik irailean itzuliko gara bertara. La casa 15/16 da filma, eta 1989ko azaroaren 16an El Salvadorren hil zituzten Jesuitei buruzkoa da. Historia oso polita da. Orain ikusi beharko da ea aktoreek ahal duten hurrengo datan, eta ea talde teknikoak irailean aurrera egin ahal duen horregaz, beste konpromiso batzuk ere badauzkagu eta.
Orain, zelan ari zarete lanean?
COVID-19aren ondorioz, orain prestatzen ari garen filmerako, esate baterako, hiru edo lau arropa berdin eduki behar ditugu. Nahiz eta ez behar izan, egun batetik bestera ez digu ematen astia garbitzeko. Bi vaporeto ere baditugu desinfektatzeko. Egunean sei bider aldatzen duzu aktore bakoitza gehi figurazioa. Arropak kendu, vaporetoa pasatu, garbitu… Guretzako aurten lana konplikatuagoa izango da, gauza gehiago eduki behar ditugu kontuan.
Etxetik kanpo egoten zara asko. Hori da zure lanetik zailena?
Ni beti maletagaz joaten naiz, ez dakizu-eta aste beterako zoazen. Batzuetan hiru hilabete geratzen naiz kanpoan.
Kolonbian, esaterako, zenbat denbora egongo zara?
Kolonbiakoa izango dira hiru aste prestatzeko eta hiru aste filmaketarako. Sei aste egongo naiz han, eta bueltan, Iruñean jarraituko dugu hiru aste.
Zeintzuk dira momentu honetan esku artean dituzun proiektuak?
Hirugaz nabil batera. Normalean bat amaitu eta hurrengoagaz hasten naiz, baina batu egin dira denak. Kolonbiara joan baino arinago El Internado las cumbres serieagaz hasi ginen, Donostian grabatzen dena, eta martxan dago berriro. Kolonbiakoa hasita zegoen, eta udarako zen Interrail prestatzen hasi gara.