San Roke egotetxeko eta osasun etxeko langileak omendu ditu Markina-Xemeingo Udalak
Ekitaldi berezia egin dute gaur [uztailak 15] eguerdian udaletxean. Oroigarria oparitu diete egindako lanaren aitorpen modura.
Markina-Xemeingo osasun etxeko eta San Roke egotetxeko langileak omendu ditu Markina-Xemeingo Udalak gaur [uztailak 15] eguerdian udaletxean egin duen ekitaldi berezian. Pandemia honetan egin duten ” lan izugarria” eskertu eta “herritar guztiak zaintzeko egin duten ahalegina” aitortu nahi izan diete.
“Eurak izan dira lehenengoko frontea, eta lehen lerroan sufritu dute pandemia”, adierazi du Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak. Hori dela eta langile guzti horien lana aitortu nahi izan du udalak, eta horretarako oroigarri bat oparitu diete. “Udaletik ere nahi izan da gauero-gauero udaletxea urdinez tindatu, eta urdinez daukagu gogoratzeko pandemia honetan jarraitzen dugula, gugaz ez daudenak gogoratzeko, sufritu dutenak gogoratzeko, eta jende asko lanean dabilela gogoratzeko. Azken baten erantzukizuna indibiduala eta kolektiboa da, herritar den-denena”.
Mikel Odriozola eta Idoia Biteri Osasun etxeko eta San Roke egotetxeko ordezkariek jaso dute oroigarria, denen izenean. Pandemia honetan gauza asko ikasi ditugula adierazi du Odriozolak. “Bi golpe hartu ditugu bata osasun alderditik eta bestea ekonomia alderditik, eta horrek ekarri du gure ohitura denak aldatzea. Kontuan hartu behar dugu osasuna konpontzen ez badugu ekonomia ez dela konponduko. Denoi tokatzen zaigu ardura bat edukitzea, eta nik nahi jendeari gogorarazi nahi nioke orain arte eman diren horrek txalo denak ez ditugula nahi heroi moduan hartu, nahi duguna da denok ardurak edukitzea eta arduraz jokatzea”.
Maskara erabiltzea, batez ere, besteenganako maitasun ekintza bat dela ere azaldu du: “Maskarak gu babestu baino gehiago guk besteak kutsatzeko aukera hori saihesten du. Ikusten da jende gehienak eramaten duela, baina oraindik badaude ez daukatenak oso argi. Azken finean, Ez dira gauza asko eskatzen direnak, hiru gauza sinple dira: distantzia soziala mantendu, eskuak garbitu eta distantziak ezin badira mantendu maskara erabiltzea”.
Pandemia honetan medikuak parte bat direla ere esan du Odriozolak, baina, erizainek protagonismo oso handia eduki dutela azpimarratu du, eta arreta zerbitzukoak ere eduki ditu gogoan: “Ahalegin handia egin dute, osasun munduan sartu eta ia-ia guk beste ikasi behar izan dute, eta egoera berrira moldatu eta jendearen haserre eta ezin ulertuak agoantatu behar izan dituzte. Horregatik eurentzako ere bada opari hau”.
Talde lana. San Roke egotetxean ere aldatu egin behar izan dute lan egiteko modua. “Zalantzak eta ardurak izan ditugu eta beti izan ditugu osasun etxekoak zalantza horiek argitzen laguntzeko, eta laguntza jaso dugu udaletxetik ere desinfekzioagaz”, azaldu du Idoia Biterik. Eta egotetxeko talde osoaren lana ere azpimarratu du.
Baina, batez ere, familien jarrera nabarmendu du egotetxeko zuzendariak. “Egoera ulertzen jakinĀ dute eta gugan konfiantza osoa jarri dute. Hori da azken batean gehien eskertu behar duguna. Guk euren etxekoak zaintzen ditugu, baina eurek ere parte dira, eta horrela euren babesa edukitzea garrantzitsua da”.
Ekitaldia amaitzeko, zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deia egin du alkateak. “Egoerak hobera jarraitzea nahi bada denok jarri behar dugu gure partea. Hau denon lana da, bakoitzak berea ipini behar du”.