Lekeitioko Udalak hobekuntzak egingo ditu herriko hezkuntza zentroetan
Berrikuntza eta egokitzapen lanak egiten ari da eskola, haurreskola eta AEKko eraikinetan, eta hurrengo hilabeteetan ere lan gehiago egitea daukate aurreikusita.
Lekeitioko Udala berrikuntza eta egokitzapen lanak egiten ari da eskola, haurreskola eta AEKko eraikinetan, eta hurrengo hilabeteetan ere lan gehiago egitea daukate aurreikusita, umeen segurtasuna eta iriste erraztasuna bermatzeko. Guztira, egingo diren lan guztien kostua 147.000 eurokoa izango dela jakitera eman dute, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin elkarlanean egingo dira.
Alde batetik, Lekeitioko Udalak eta AEK-k adostutako elkarlanaren bidez, Atea kalean dagoen eraikinean aurkitzen diren lokalak berritzeko proiektua aurrera eramaten ari da udala. Ikasgelak hobetzeko lanez gain, iriste erraztasuna bermatzeko egokitzapenak ere egingo dituzte. Lanak hasita daude, eta irailaren amaierara arte iraungo dute. “Honekin, AEK-k ematen dituen ikastaroak modu egokian egiteko aukera izango du”, adierazi dute.
Bestalde, Lekeitioko eskoletan hainbat egokitze lan egingo dira hurrengo hilabeteetan. Azaldu dutenez, haurreskolan eraikinaren mantentze lanak egingo dira, besteak beste, margolanak, behegaineko konponketak, argiteriaren berriztea eta patiora irteteko emergentzia irteera egingo dira.
Era berean, Lekeitioko haurreskola 215/2004 Dekretuan zehazten den Euskal Autonomia Erkidegoko 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko baldintzetara egokitzeko proiektua idatzi dute, eta lan horiek, hurrengo urteetan, faseka gauzatuko direla argitu dute: “Aurten lehenengo faseko lanak egin behar ziren, baina COVID- 19ak sortutako egoera dela eta atzeratu egin dira lan hauek, baina hala ere lan batzuk egingo dira aurten”.
Azkenik, Lekeitioko Eskolako kolorinetako eraikina egokitzeko azken fasea hasiko dute. Udalak iriste erraztasuna eta segurtasuna bermatzeko eta eraikina iragaitz bihurtzeko lanak egin ditu azken urteetan, eta horiek amaitzea dute helburu. Horretan hasiko dira datozen egunetan, eta lanek urte amaierara arte iraungo dute. Hala ere, lanek irauten duten bitartean eskola zerbitzua “normaltasunez ematea” bermatuko dela argitu dute.
Besteak beste hurrengo lanak egingo dituzte: koloretako eraikineko lehenengo solairuko terrazak erabili ahal izateko karelen altuera handitu; bigarren solairuan ur sarrerak ekiditeko estalki nagusian berritze lanak egin; ipar-mendebaldeko fatxadako arotzeria zigilatu, ur sarrerak ekiditeko; iragaztea ekiditeko eta baldintza termikoak hobetzeko beheko solairuko leihoak aldatu; gurpil-aulkiak sartu ahal izateko sei ate zabaldu; larrialdietako eskaileraren eta patioaren arteko igarobidean atea jarri eta frontoiko sarreran dagoen zulotutako erretena aldatu, estalitako jolas-gunera urik ez sartzeko.