Gandiaga anaiak, Lekeitioko Beteranoen trinketeko lehen finalistak
Finalerako paseak eta bostgarren eta seigarren postuak egon ziren jokoan atzo [uztailak 19] Lekeitioko trinketean.
Atzo [uztailak 19] hasi zen martxan, berriro ere, Lekeitioko trinketean jokatzen den Beteranoen Esku Pilota Txapelketa. Finalerako paseak eta bosgarren eta seigarren postuak egon ziren jokoan.
Gandiaga anaiak nagusi izan ziren Astigarraga eta Praderaren kontra jokatu zuten lehenengo finalaurrekoan (30-11). Antolatzaileek azaldu dutenez, hasieran pareko ibili ziren bikoteak, eta bazirudien dema polita eta borrokatua egongo zela. Izan ere, bikoteak berdinduta ibili ziren 4-4 eta 5-5, baina hurrengo tantoan Astigarragaren jokaldi on bat txapara joan zen, eta irabazleak sakea aprobetxatuz 8-5 aldendu ziren.
Hortik aurrera berriatuarrak nagusi izan ziren, eta Iban Gandiagak partidua nahi izan duen modura mugitu zuen. “Pradera ez zen fin ibili eta partiduen falta ikusi zitzaion. Asti ondo defentsan eta tanto bikainak egiten, baina txapan hainbat pelota jo zituen, eta sakez ere bi falta egin zituen”, zehaztu dute.
26-10 zihoazenean, Pradera aurrean jokatzen hasi zen, partidari buelta eman nahian, baina ezinezkoa izan zen. “Eñaut Gandiaga maisu aritu zen sake loratu eta luzeak ateratzen, eta Iban Gandiaga abiadura eta norabidea ematen”.
Garaipena eskuan, Gandiaga anaiak finalean egongo dira eta Asti debarrak eta Pradera mallabitarrak 3. eta 4. posturako jokatu beharko dute.
Bigarren finalaurrekoa. Martin-Foster eta Beraza-Telleria bikoteen arteko bigarren partidak ekarri zuen emozio gehiago, eta jokaldi on eta lehia biziagaz gozatzeko aukera eduki zuten pilotazaleek. “Martin eta Foster lekeitiarrak aurretik joan ziren ia partida osoan, 4-5 tantoko aldeagaz. Foster bere defentsa bikainarekin eta sarera bideratzen eta Martin min handia egiten pilota teilatura bideratzen aritu ziren”.
Abantaila handiena 24-18 izan zuten, baina Beraza elgoibartarrak eta Telleria mallabitarrak euren maila erakutsi zuten, eta berdinketa lortu zuten 25. tantoan. “26. tantoa ere sakez lortu zuen Berazak Lekeitioko bikotea ez zelako ondo konpondu zeinek jo erabakitzeko sasoian, eta bazirudien psikologikoki atzera egingo zutela”.
Ez zen horrela izan. Lanean jarraitu zuten tanto guztiak borrokatzen, eta hainbat pilota zail bueltatzen. “26ko berdinketa ere egon zen, eta 27. tantoan Martinek egindako dejada baten atzetik joan zen Telleria, eta kolpea hartu zuen buruan hormagaz. Sustoa izan zen eta horretan gelditu zen”.
Lekeitiarrak 29-28 ipini ziren, eta naiz eta sakea elgoibartarrak eduki ez zuten aprobetxatu azken berdinketa lortzeko. “Martinek txaflanagaz 30. tantoa lortu zuen eta amaiera bikaina eman zion kanporaketari”. 30-28 irabazi zuten lekeitiarrek.
Gauzak horrela, datorren domekan [uztailak 26] erabakiko da berdinketa hausteko hirugarren partida jokatu behar duten edo finalerako postua lekeitiarrek irabazten duten. Izan ere, datorren domekan azken aurreko bigarren bueltako partida erabakigarria jokatuko da 10:00etan, Martin-Foster eta Beraza-Telleria bikoteen artekoa.
5. eta 6. postuak. Bestalde, bosgarren eta seigarren postua erabakitzeko partida ere jokatu zen atzo hiru bikoteren artean. Ligaxka bat jokatu zuten euren artean 20 tantoko bi partida jolastuz.
Gartzaronen egindako torneoaren irabazleak, Jaunarena (Gartzaron) eta Egaña (Mendaro) izan ziren irabazleak. 20-14 irabazi zuten Urkiaga eta Hidalgoren kontra eta 20-17 Madariaga-Conde bikotearen aurka. Urkiaga-Hidalgo eta Madariaga-Conde neurtu ziren ondoren eta Madariaga-Condek irabazi zuten 20-12 .