Kulturaz eta kirolez ase geratu dira asteburuan Markina-Xemeinen
Jaien faltan, era askotako kultur eta kirol ekimenak izan dituzte Markina-Xemeinen asteburuan. ’Atxurre’ kuadrillak irabazi du aurten lehenengoz jokatu den kuadrillen arteko Bola Joko Txapelketa.
Indarrean dauden segurtasun eta higiene neurri guztiak kontuan hartuta, hainbat kultur eta kirol ekintza egin dira asteburuan Markina-Xemeinen. Alde batetik, banderatxoak eta buruarinak egiteko tailerrak egon ziren Zelaiko berdegunean barikuan [uztailak 17], Sormen Lantegiaren eskutik, eta zapatuan [uztailak 18], berriz, Etxahun Lekue, Miren Amuriza, Aitor Bizkarra eta Josune Aramendi markina-xemeindarraren bertsoak entzuteko aukera eduki zuten bertsozaleek Uhagon kulturguneko lorategian. Zelaia ere bete zuten aulkiekin Puro Relajo taldea entzuteko, bai eta Lea Artibai Ikastetxeko saskibaloi kantxa ere Ertza konpainiaren Meeting Point ikusi ahal izateko.
Kirol jarduerek ere aparteko lekua eduki dute azken egunetan. Markina-Xemeingo Master Series Txapelketa eta Esku Pilota jaialdiak hartu ditu Uni pilotalekuak. Bola Joko Txapelketa eta Toka Txapelketa egon dira Uhagonen, eta herri kirolak, berriz, Zelaian.
Joko tradizionalak. Guztira 38 bolarik parte hartu dute MX3T elkarteak antolatutako Karmen Eguneko Bola Joko Txapelketan. Oraingoan taldekakoa izan da lehia, eta zortzi taldetan banatu ziren bolariak.
Txirlo gehien jo zituzten hiru taldeek eraman zituzten Bizkaiko Federazioak emandako dominak eta Markina-Xemeingo Udalak emandako 250 euroko diru saria. Irabazlea Atxurre kuadrilla izan zen; 31 txirlo jo zituzten guztien artean. Euren artean egin zuten gero lehia, eta parrekuetan lehenengoa Joseba Espilla geratu zen, bigarren Fidel Madariaga, eta hirugarren Etxebarriko Mirari Azkune. Beste bi lagunek osatu zuten taldea: Jose Angel Ogizak eta Gaizka Plaza markina-xemeindarrak.
Bigarrenak, 28 txirlo botata, 3 Baietz taldea izan ziren (Amaia Korta, Pedro Guenaga, Asier Azkarate, Iñaki Caballero eta Sebastian Arantzabal), eta 24 txirlo jota hirugarrenak Jose Maria & CIA (Eli Egia, Oier Azumendi, Aner Azumendi, Lander Odiaga eta Mikel Urkia).
Irabazleek 100 euro, oroigarria eta txapela eraman zituzten, bigarrenek 60 euro eta oroigarria eta hirugarrenek 50 euro eta oroigarria.
Aipatzekoa da bederatziko bakarra egon zela, eta bera Naia Zelaia 10 urteko markina-xemeindarrak lortu zuen.
Uhagoneko lorategian jokatu da bai eta ere TokaTxapelketa. Helduak eta gazteak ibili ziren batera burdinari eman nahian. Behin eta bi bidar jo zuenik egon zen, baina, azkenean, burdinari hiru bidar emanda, Urtzi Arratibel izan zen irabazlea.
Hori guztia segurtasunez egin ahal izatea bermatu ahal izateko petoz jantzitako zaintzaileak kontratatu ditu udalak. Besteak beste, lekuak antolatzen, ikusleei tenperatura hartzen, sarrera-irteerak kontrolatzen, jende pilaketak ekiditen eta garbitasuna bermatzen aritu dira.