Hamabost proposamen dakartza Ondarroako Kultur Uheri ekimenak
Kultur ekimena uztailaren 31n hasiko da, eta abuztuaren 30era bitartean askotariko kultur ekimenez eta ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da frontoian. Sarrerak Turismo Bulegoan salgai egongo dira barikutik aurrera.
Ondarroako Udalak uda sasoian kulturaz gozatzeko Kultur Uheri ekimena antolatu du. Uztailaren 31n hasiko da ekimen berezia, eta abuztuaren 30era bitartean barikuro, zapaturo eta domekero askotariko kultur ekimenez eta ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da; hamabost denetara. Bariku eta zapatuetako ikuskizunak gazte eta helduei zuzenduta egongo direla iragarri dute, eta domeketakoak, ostera, umeei zuzenduta. Ikuskizun bat izan ezik (familientzako ginkana), herriko frontoian eskainiko dituzte gainontzeko guztiak.
Datozen asteotan eskainiko diren ikuskizunak balore zehatzak lantzeko tresna ere badirela azpimarratu dute udal iturriek. Eta horretan udalak urte osoan egiten dituen lanketa desberdinei ikusgarritasuna ematea ere kontuan hartu dutela esan dute. “Berdintasuna, euskara, aniztasuna, topiko sexistak haustea, estereotipoak… horiez gain umorearentzako tartea ere egongo da”. Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak esan duenez, balore horien lanketa udaletik urte guztian egiten den zeregina da, eta ikuskizunek gai horiek jorratzea lanketa horregaz jarraitzeko beste urrats bat dira.
[IKUSI HEMEN EGITARAUA]
Kultur Uherik, gainera, Euskal Herri osotik etorritako kulturgileak batu nahi izan dituela nabarmendu dute, bateko zein besteko eskaintza plaza berean batu eta euskal sortzaileen lanak ezagutzera emanez. “Euskal Herriko hainbat puntutatik etorritako artistak egongo badira ere, garrantzi berezia eman nahi izan diogu herriko zein eskualdeko sorkuntzari”.
Aulkirik ez dagoen ikuskizunetan 300 sarrera ipiniko dituzte salgai, eta aulkiak daudenetan 340
Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziaren iritziz, Lea-Artibai eta Mutrikuko kulturgintzaren “ordezkaritza ederra” batzea lortu dute. “Biren (Ane eta Nora Agirre), Patxi Saiz, Herri eta Bixi, Iñaki Maruri, Garoa Arizmendi eta Iñigo Larrinaga, Dantzarte, Garazi Etxaburu, Nerea Ibarzabal… Aurten ere ez ditugu gonbidatu barik laga nahi izan urtero jaietan gurekin egoten diren Mutrikuko Musika Banda eta Mutriku Sokatira Taldea”.
Sarrerak barikutik [uztailak 24] aurrera ipiniko dituzte salgai. Turismo Bulegoan erosi ahal izango dira, honako ordutegian: 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era. Pertsona bakoitzak, gehienez, ikuskizun bakoitzerako launa sarrera erosi ahal izango ditu. Gazte eta helduen ikuskizunen sarreren prezioa bi eurokoa da eta euro batekoa, aldiz, umeen ikuskizunetan.
[IKUSI HEMEN EGITARAUA]
COVID-19aren egungo egoerak behartutako arau eta gomendio guztiak betez, frontoiko harmailen edukieraren %60a bete ahalko da. Hala, ikuskizunaren arabera salgai egongo diren sarrera kopurua aldatu egingo dela esan dute, “aulki gehiago ipintzeko aukera egon daitekeelako zenbait ikuskizunetan”. Aulkirik ez dagoen ikuskizunetan 300 sarrera ipiniko dituzte salgai, eta aulkiak daudenetan 340 sarrera. “Lur eta Amets filmaren proiekzioak edukiko du sarrera kopururik handiena: 500″.
Ohartarazi dutenez, euria egingo balu, ekitaldiak bertan behera geratuko lirateke. “Horren berri Ondarroako Udalaren ohiko komunikazio bideetatik emango da. Bertan behera geratzen diren ekitaldiak beste egun baterako programatuko lirateke, beti ere ikuskizuna eskaini behar dutenek ahal dutenean. Sarreren dirua bueltan jasotzea nahiago dutenek, horretarako aukera edukiko dute Turismo Bulegoan”.