Malenak ez direnez ospatuko, Mutrikura ez joateko deia egin dute
Agintariek jairik ez dela egingo berretsi dute. Hori dela eta, erabakia errespetatzeko, eta herritarrei zein kanpotarrei Malenak ospatzera ez etortzeko eskatu diete.
COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoera aintzat hartuta, eta EUDELek ezarritako jarraibideak betez, Mutrikuko Udalak egunotan ospatzekoak ziren Malen Jaiak bertan behera uztea erabaki zuen duela aste batzuk. Udal agintariek jairik ez dela egingo berretsi dute. Hori dela eta, erabakia errespetatzeko, eta herritarrei zein kanpotarrei malenak ez ospatzeko eskatu diete. Are gehiago, jairik ospatuko ez denez, herrian “normaltasunari eusteko” eta “ospakizun berezirik” ez egiteko eskatu dute.
Jaietako egunik jendetsuenak Malen bezpera, Malen Eguna eta Kuadrilla Eguna izan ohi dira. Kuadrilla Eguna barikua izanik, gainera, jende gehiago batzeko aukeraren aurrean kezkatuta agertu dira. Argi utzi nahi izan dute egunotan ez dela jairik ospatuko, eta ildo horretatik, Joseba Palenzuela alkateak eta zinegotziek “erantzukizunez” jokatzeko “ahalegin berezia” eskatu diete herritarrei.
Publicada por Mutrikuko Udala en Martes, 21 de julio de 2020
Deia, batez ere, gazteenei egin diete. Ospakizunik ez egiteko eta prebentzio neurri guztiak mantentzeko eskatu dute. Bateko zein besteko herritarrek Mutrikura jaiak ospatzeko asmoa agertu dutela ikusirik, gainera, beste herri batzuetako gazteei ere eskari bera egin diete. Azken egunotan Euskal Herriko hainbat herritan azaleratu diren koronabirus kasu gehienak jaien inguruan sortu direla ohartarazi dute; “hori saihestu nahi dugu”.
Bide beretik, udalak debekatu egin die ostalaritzako lokalei halako jaietan eduki ohi duten ordutegi berezia ezartzea; Jaurlaritzak ezarritako ordua errespetatu beharko dute ostalariek. Hala, astegunetan 01:30ean itxi beharko dute, eta asteburu eta jaiegunetan, 03:00etan. Gogorarazi dutenez, gazte lokalek ere Jaurlaritzaren aginduz itxita jarraitu behar dute. “Jende asko tabernak ixterakoan gazte lokaletara joaten da, eta bertan ezingo dela egon gogorarazi nahi dugu”.
Malenetara ez joateko mezuak beste udal batzuek ere zabaldu dituzte. Besteak beste, alborik albo dauden Ondarroa eta Debako udalek herritarrei Mutrikura ez joateko eskatu diete. Debako Udalak sare sozialen bidez egin du deialdia. “Debarroi gogorarazi nahi dizuegi, Mutrikuko Udalak hala jakinarazita, ez direla Malen jaiak ospatuko. Beraz, ez zaitezke bertara joan. Guztion osasuna zaintzeko unea da. Zentzuz jokatu eta jende pilaketak ekidin”. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak ere bideo baten bidez egin du Mutrikura ez joateko eskaera. “Ez dira Malen jaiak ospatuko, beraz, Mutrikuko Udalaren eskariarekin bat eginez, Mutrikura ez joateko eskatzen dizuegu”.