Herri ibilbide bat prestatzen ari dira Zapola mendiaren defentsa guneetatik
Artibai Mendigoizale taldeagaz eta Euskal Mendizale Federazioagaz batera, SL mailako ibilbide bat antolatzen ari da Ahaztuen Oroimena 1936 elkartea.
Historia berreskuratzeko eta zabaltzeko lanean ari da, orain ere, Ahaztuen Oroimena 1936 elkartea. Markina-Xemeingo Zapola mendiko defentsa guneen eta horiek eraikitzeko egindako bideen eraikitze lanak ikertu dituzte, eta Artibai Mendigoizale taldearekin eta Euskal Mendizale Federazioarekin batera, eta Markina-Xemeingo Udalaren babesagaz, SL mailako Herri Ibilbide bat prestatzen ari dira orain, Zapolako bunker, lubaki eta hauek eraikitzeko egindako bideetatik zehar.
Alberto Unamuno elkarteko kideak jakitera eman duenez, ibilbidea eta argibideak emateko euskarriak aurtengo urrian aurkeztu nahi dituzte, horregatik, egunotan, prestaketa lanetan murgilduta daude.
Aurreratu dutenez, ibilbidearen izena MX-2 Markina-Xemeingo bigarren guda lerroko memoriaren ibilbidea izango da, eta Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutuak bultzatzen duen Memoriaren Ibilbideak egitasmoaren barruan kokatzen da. «SL mailakoa izanik, ibilbidea margo zuri eta berdez markatuko dugu».
Dokumentatze lana egiteagaz gainera, ohi duten modura, lekukotzak ere jaso ditu elkarteak. «Inguruetako herritarren testigantzen bitartez ere hainbat argibide jaso ditugu, eta pasarteek guzti honen testuingurua kokatzen laguntzen digute».
Urrian, ibilbidearen aurkezpenarekin batera, Guda-otsak: Estudio arqueologico-patrimonial del frente exterior de la Guerra Civil en el Pais Vasco Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologo talde batek gerra aztarnak katalogatzeko egindako proiektuan Zapolako defentsa guneari buruz bildu duena aurkeztuko dutela aipatu du Unamunok.
Interneten. Wikiloc mashupean dago jada MX-2 Markina-Xemeingo bigarren guda lerroko memoriaren ibilbidea. Zapolako bunkerrak eraikitzeko egindako bideetatik zehar doan ibilbidea bi ordu eta erdian egin daiteke, gutxi gorabehera, geldialdiak eginda. Ibilbidearen abiapuntua Markina-Xemeingo Atxondoa kiroldegian aurkitzen da.
Argazkiekin osatu dute ibilbidearen azalpena, nondik nora doan jakitea zehatzagoa izateko.