38. Aitxekutz Txirrundulari Saria jokatuko da abuztuaren 1ean Berriatuan
XIX. Juan Luis 'Kanterape' Memoriala izango da lasterketa, eta 15:45ean hasiko da, Berriatuko eskola paretik. Aurten, baina, berrikuntza nagusi bat egongo da: lasterketa hilerriaren parean amaituko da.
Gazteen mailako 38. Aitxekutz Txirrindulari Saria jokatuko da abuztuaren 1ean Berriatuan. Eta horretan parte hartuko dute Bizkaiko talde guztiek eta Gipuzkoako eta Arabako batzuk ere bai. Lasterketa 15:45ean hasiko da, Berriatuko eskola paretik. Berriatuko Txirrindulari Elkarteko kideek azaldu dutenez, parte hartzaileek 98 kilometroko ibilbidea egin beharko dute.
Ibilbidea ondokoa izango da: Berriatua-Plazakola-Milloi-Oleta-Lekeitio-Ondarroa-Berriatua (tarteko helmuga)-Plazakola-Milloi-Oleta-Lekeitio-Ondarroa-Berriatua (tarteko helmuga)-Plazakola-Milloi-Oleta-Lekeitio-Mendexa (herrigunea)-Ondarroa-Berriatua (helmuga).
Aurten, baina, berrikuntza bat egongo da, eta ez da nolanahikoa izango. Izan ere, helmuga Berriatuko hilerriaren parean egongo da. Hau da, azken 200 metroak aldapan gora egin beharko dituzte txirrindulariek. “Uste dugu azken metro horiek ikusgarriak izango direla”, esan dute antolatzaileek.
Lasterketa horretan, gainera, Bizkiko junior txapelketa ere erabakiko da. “Helmugara heltzen den lehen bizkaitarrak sari hori ere irabaziko du”.
Azpimarratu dute proba segurtasun neurri guztiak beteta egingo dela. “Bizkaiko Txirrindulari Federazioak onartutako protokolo bat beteko da. Parte hartzaileak gune konkretu baten egongo dira, eta antolatzaileoi eta laguntzaileei ere tenperatura hartuko digute. Dena ondo-ondo zainduta egongo da”. Gainera, lasterketa ikustera hurreratzen direnek maskara derrigorrez jantzita eraman beharko dutela gogorarazi dute.
Berriatuko Txirrindulari Elkarteko kideek eskerrak ere eman nahi izan dituzte. “Alde batetik, babesleei eskerrak eman nahi diegu, egoera berezian ere lasterketa babesten jarraitzearren. Eta, bestetik, lasterketa egin ahal izateko laguntzaile guztiei”.
Hilaren 1eko lasterketa eginda, abuztuaren 14an beste hitzordu bat hartuko du Berriatuak. Izan ere, egun horretan Euskadiko Junior Txapelketa jokatuko da, 15:30ean.