Eup-adak entzun dira Markina-Xemeingo kaleetan
FM uhinetara jauzia emateko abiarazitako crowdfunding kanpainari amaiera eman dio Eup! irratiak. Emanaldi berezia eskaini dute irratikoek.
FM uhinetara jauzia emateko abiarazitako crowdfunding kanpainari amaiera eman dio Eup! irratiak. Jendearen bultzadari esker, helburuak bete dituzte, eta irratia laguntzeko egindako eskariak banatzen ari dira. Joan den barikuan [uztailak 17] ere egin zuten banaketa, Okerra kalean jarri zuten mahaian.
Aldi berean, Markina-Xemeingo Eup! irratiaren zuzeneko irratsaioa entzuteko aukera egon zen arratsaldean Markina-Xemeingo kaleetan. Emanaldi berezia antolatu zuten irratikoek.
Guztien osasuna bermatzea ezinezkoa zela ikusita, Txosna batzordeko taldeek Karmen jaietan ekintza presentzialak ez antolatzea erabaki zuten, baina irratiaren bidez entzun ahal izan zen euren ahotsa. Herriko taldeak martxan ari direla erakutsi zuten.
Gauzak bere onetik joanez gero, irailaren amaieran edo urrian daukate FM bidezko emanaldiekin hasteko asmoa.