Lekeitio ezagutzeko ibilbidea antolatu dute Denboraren Bankukoek

Ibilbidean leku esanguratsu eta interesgarrietan geldituko dira, eta azalpenak emango dituzte. Parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik.

Uriarte jauregia da ibilbidean ezagutuko duten eraikinetako bat.

Lekeitioko Denbora Bankuaren eskutik Lekeitio ezagutzeko ibilbidea egingo da uztailaren 28an, 17:00etan. Ibilbidearen hasierako tokia Kultur Etxeko sarrera izango da eta amaiera San Juan ermita. Ibilbidean zehar Dominiken komentua, Uriarte jauregia, Usotegi herritarren ortua, Zubieta, Larrotegi, Hiru Bankuak, Auzolan Bidea eta Itsas argia bisitatuko dituzte besteak beste.

Horrelako ekintzak hilero antolatuko direla jakitera eman dute Denboraren Bankuko kideek, antolatuko dituzten talde ekintzen baitan, eta Julian Arratek bideratuko ditu.

Ibilbidean leku esanguratsu eta interesgarrietan geldituko direla aurreratu du Arratek, eta inguruko ezaugarri eta historiari buruzko azalpenak emango dituzte. “Horretarako ezinbesteko laguntza izango dut Iñaki Madariaga del Valle adituaren eskutik”. 

Nahi duten guztiek parte hartu dezakete ekimenean. Horretarako izena eman behar da 648 511 741 telefono zenbakira deituta.

Gutxi gorabehera ibilaldiaren iraupena ordu bi ingurukoa izango da (4 km) eta amaieran, mokadutxoa hartuko dute. Maskarak eraman behar dituztela gogora ekarri diete parte hartzaileei.