Koronabirusaren azken datuak
Atzo [abuztuak 27], pandemia osoko kopururik handiena antzeman zen Hego Euskal Herrian, eta azken orduetan ere goitik ibili dira: 931 kasu detektatu dituzte. Nekane Murga sailburuak, baina, nabarmendu du kurbaren bilakaera martxokoa baino geldoagoa dela.
«Ez da lortu goranzko kurba iraultzea; ez kutsatuen kopuruan, ezta ospitaleratzeen kasuan ere»”. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua egungo egoeraz mintzatu da goizeko agerraldian, eta kasuen kopuruak handiak direla ohartarazi du. Izan ere, atzo [abuztuak 27], pandemia osoko kopururik handiena antzeman zen Hego Euskal Herrian, eta azken orduetan ere goitik ibili dira: 931 kasu detektatu dituzte. Sailburuak, baina, nabarmendu du kurbaren bilakaera martxokoa baino geldoagoa dela, eta iragarri du eta datorren astean kasuak «egonkortu» daitezkeela, aurreko astean ezarritako neurrien ondorioz. Halere, trasnmisio komunitarioa dagoela berretsi du.
Lurraldeka. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan apaldu egin dira kasuak; Bizkaian, berriz, ugaritu. Bizkaian 432 kasu atzeman dituzte, atzo baino 76 gehiago; Gipuzkoan, 225 kasu izan dira, hemezortzi gutxiago; Nafarroan, 167, atzo baino 86 gutxiago eta Araban, 94, atzo baino 37 gutxiago.
Kasuen zifra altuen isla ospitaleetan igartzen ari da. Izan ere, erietxeetara gaitzaren ondorioz jende gehien sartu den eguna izan da, udako agerraldiak hasi zirenetik: 62 gaixo sartu dira Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Erietxeetan daudenak 361 dira une hauetan, eta horietatik 41 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude.
Otsailaren 28an baieztatu zituzten koronabirusak kutsatutako aurreneko bi gaixoak Euskal Herrian: Araban bat, eta Gipuzkoan bestea. Lea-Artibain eta Mutrikun, ostera, martxoaren 18an antzeman zituzten lehen hiru kasuak (Lekeition, Markina-Xemeinen eta Mendexan). Orduz gero, azkar zabaldu da birusa, eta milaka pertsona kutsatu ditu, horietako asko ospitaleratu behar izan dituzte, eta ehunka hil ditu, normalean garai horretan Euskal Herrian hiltzen direnak baino askoz gehiago.
HITZAk oporrak hartu zituen eguneko datuak [uztailak 24] atzokoekin alderatuta [abuztuak 27]:
- Bizkaia: PCR bidezko 86 positibo [uztailak 24] – PCR bidezko 432 positibo [abuztuak 27]
- Gipuzkoa: PCR bidezko 35 positibo [uztailak 24] – PCR bidezko 225 positibo [abuztuak 27]
- Araba: PCR bidezko 13 positibo [uztailak 24] – PCR bidezko 94 positibo [abuztuak 27]