Zaldibarko zabortegiko ezbeharraren erantzukizunak argitzea exijitu dute Markina-Xemeinen
Datorren eguenean [irailak 3] Gasteizen Eusko Legebiltzarrak egingo duen inbestidura saioan egongo direla aurreratu du Zaldibar Argituk. "Gogoratzeko Iñaki Arriola ezin dela Eusko Jaurlaritza berrian egon".
Gehiengo sindikalaren deialdiari erantzunez, elkarretaratzean batu dira gaur eguerdian [abuztuak 28] Markina-Xemeinen, Zaldibarko Verter Recycling zabortegiko ezbeharraren erantzukizunak argitzea eskatzeko. Joaquin Beltran aurkitu arte, bilaketa lanekin jarraitzea eskatu dute bai LAB sindikatuak bai eta gehiengo sindikalak egindako deialdiagaz bat egin duen Zaldibar Argitu plataformakoek ere, eta Zabortegiko heriotzen erantzukizun pribatu zein publikoak argitzeko eskaria egin dute.
Plataformaren hiru lerro nagusien aldeko borrokan –langileak, osasuna eta erantzukizunak– jarraituko dutela azpimarratu du Gaizka Zabarte Zaldibar Argitu plataformako kideak. Bide horretan, datorren eguenean [irailak 3] Gasteizen Eusko Legebiltzarrak egingo duen inbestidura saioan egongo direla aurreratu du. “Gogoratzeko Iñaki Arriola ezin dela Eusko Jaurlaritza berrian egon”. Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egingo dutela zehaztu du. “08:00etatik egongo gara bertan”.
Erantzukizunak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ere ezinbestekotzat jotzen du LABek, eta oraindik desagertua jarraitzen duen Joaquin Beltranen bilaketa lanekin jarraitzea “ezinbestekoa” eta “urgentziazkoa” dela azpimarratu du Endika Perez LAB sindikatuko ekintza sozialeko arduradunak: “46 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak, 2019ko datura ailegatu gara dagoeneko eta Joaquinen gorpua oraindik ez da aurkitu. Egoera honek eta Zaldibarko gertakariak erakusten du egun indarrean dagoen sistema politiko eta ekonomikoaren porrota: gutxi batzuen interesak lehenesten dira eta langileen prekarietatean sakontzen da, eta horren eraginez langileak lanpostuetan hiltzen dira”.
Otsailaren 6an hondoratu zen Zaldibarreko Verter Recycling-eko zabortegia Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran beharginak azpian hartuta. Abuztuaren 19an baieztatu zuten zabortegian aurkitutako gorpuzkinak Alberto Sololuzerenak zirela. Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du.