Dantza ikasteko aukera zabalagaz hasiko du ikasturtea Uhagon kulturguneak
Protokolo berezia prestatzen ari dira Markina-Xemeingo kulturgunekoak, eskolak osasun berme guztiekin emateko.
Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko dantza taldeen erakustaldia, Uhagoneko terrazan (Artxiboko irudia). Argazkia: Uhagon kulturgunea Ume, gazte zein nagusiak dantzara hurbiltzeko eskaintza oparoa prestatu du Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneak. Urteroko ikastaroez gain, berriak ere badagoz.
Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarragaz dantzaren hastapenak (HH4tik gora), dantza klasikoa (LH1etik aurrera) eta dantza eta adierazpena ikasi ahalko dituzte ume eta gaztetxoek. Urriaren 5ean hasiko dira eskolak eta astelehenetan eta eguenetan egongo dira. Dantza eta adierazpena ikastaro berria da, eta 6 eta 16 urte arteko parte hartzaileek musikagaz jolastuko dutela aurreratu dute.
Nagusiei zuzenduta, berriz, dantza-fit, dantzaren bidez osasuntsu mantentzeko proposamen berria eskainiko du Etxaburuk astelehenetan eta eguenetan, urriaren 5etik aurrera. “Ariketak egingo dituzte musikagaz lagunduta modu lasaian”, azaldu dute kulturguneko arduradunek.
Naia Arrasate dantza irakaslea eguaztenetan egongo da Uhagonen. Iaz bezala dantza modernoa emango du LH1etik aurrera, eta eskolak eguaztenetan izango dira.
Ikerne Mendieta dantzari lekeitiarragaz dantza garaikidea, mugimendua eta gorputz adierazpena ikasi eta lantzeko aukera egongo da martitzenero. Gazte eta nagusiei begirako eskolak emango ditu Mendietak urriaren 6tik aurrera.
Protokoloa. Dantza ikastaroez gainera ohiko beste ikastaroak ere antolatuko ditu Uhagonek (Taichi, gimnasia luzaketak, saloi dantzak, sevillanak, yoga familian eta sormen lantegia). Guztietan izena emateko epea zabalik dago, baina momentuko osasun egoera dela-eta parte hartzaileen kopurua mugatuta egongo da. Izena emateko Uhagon kulturgunera deitu (94 616 63 03) edo idatzi behar da.
Eskolak osasun berme guztiekin emateko, protokolo berezia prestatzen ari dira kulturguneko arduradunak; sarrera eta irteera desberdinak eta ikastaro ezberdinetakoak ez pilatzeko ordutegiak zehazten ari dira esate baterako. Azaldu dutenez, urriaren hasieran jakinaraziko diete ikastaroetako parte hartzaileei osasun neurri guzti horiek.