Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea, eguaztenean, Lekeition
Eguaztenean [irailak 16] bi saio egingo dira; Lekeitiokoaz gain, Orozkoko Donibane aretoa ere izango da lehen saioko egoitza. Eneko Arrate markina-xemeindarrak kantatuko du Lekeition, Aitor Ruiz lekeitiarrak, ostera, Orozkon.
Uztailean aurreratu zuten modura, aste honetan hasiko da Bizkaiko Txapelketarako sailkapen fasea, Udabarria Bertsotan. Eguaztenetik [irailak 16] aurrera hasiko dira bertsolariak saioekin eta 24ra bitartean ariko dira kantuan. Guztira 60 bertsolarik eman dute izena Udabarria Bertsotan sailkapen fasean, bederatzi dira Lea-Artibaikoak.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak aipatu duenez, kopuru hori kontuan hartuta, hamar saio antolatu dituzte fase honetarako eta sei bertsolari ariko dira bakoitzean.”Sailkapen faseko hamar saioak bost egunetan jokatuko dira: egun eta ordu berean, herri desberdinetan saio bi egingo dira. Horrela, bost egunetan egingo dira hamar saioak”. Saio guztiak izango dira 18:30ean.
Lea-Artibai eskualdean sailkapen faseko saio bi jokatuko dira. Eguaztenean [irailak 16] bertan izango da lehenengoa Lekeitioko Azkue aretoan. Ondorengoak izango dira saioan parte hartuko duten sei bertsolariak:
- Eneko Arrate Sololuze (Markina-Xemein)
- Garikoitz Sarriugarte Onaindia (Zaldibar)
- Inazio Vidal Gurrutxaga (Leioa)
- Jokin Castaños Gonzalez (Galdames)
- Koldo Gezuraga Seijido (Gernika-Lumo)
- Peru de Pedro Larrea (Gorliz)
Markina-Xemeingo Esperantza aretoak hartuko du Lea-Artibaiko sailkapen faseko bigarren saioa barikuan [irailak 18]. Bertan parte hartuko duten bertsolariak hurrengoak izango dira:
- Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo)
- Ibai Amillategi Omaetxebarria (Gernika-Lumo)
- Iñaki Iturriotz Zuluaga (Igorre)
- Irune Basagoiti Agirre (Ermua)
- Mikel Galarza Idirin (Leioa)
- Xabier Enbeita Ibarra (Gernika-Lumo)
Lea-Artibaiko saio horiez gainerako beste saioak Orozkoko Donibane aretoan (eguaztena, irailak 16), Getxoko
Arrigunaga aretoan (eguena, irailak 17), Busturiko kultur etxean (eguena, irailak 17), Berangoko antzokian (barikua, irailak 18), Muxikako Ariatza eskolan (irailak 23), Berrizko kultur etxean (irailak 23), Zallako La Capilla aretoan (irailak 24) eta Derioko Gurea aretoan izango dira (irailak 24).
Saio horietan ere egongo dira Lea-Artibaiko bertsolariak: Aitor Ruiz Urizar lekeitiarrak Orozkoko saioan parte hartuko du; Bikain Urkiri Etxebarria ondarrutarrak, Getxon; Iñaki Lersundi Arrizabalaga ondarrutarrak, Muxikan; Nahia Ibarzabal Gisasola markina-xemeindarra Berrizko saioan ariko da; Garazi Navarro Ugarteburu amorotarra, Zallakoan eta Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarrak, Josune Aramendi Perez markina-xemeindarrak eta Lurdes Ondaro Mallea munitibartarrak Derioko saioan kantatuko dute.
Sarrerak. Saioetara joan nahi dutenek internet bidez lortu ahal dituzte sarrerak, Bertsosarrerak webgunean. Sarrerek 3 euro balioko dute (Bertsozale elkarteko bazkideentzat 2 euro), eta 16 urtetik beherakoentzako doan izango dira.
COVID-19a dela eta, indarrean dauden segurtasun neurri guztiak errespetatuko ditu antolakuntzak, eta saiora garaiz heldu eta ekitaldian ez ezik, ekitaldiaren aurreko eta ondorengo uneetan ere segurtasun neurriak betetzea eskatu dute. Zehaztu dutenez, ezingo dira maskarak kendu ez saioan, ez aurretik, ezta ondoren ere, eta ezingo dira aulkiak lekutik mugitu, ezta pertsonak lekuz aldatu ere. Ahalik eta sartu-irten gutxien egitea ere eskatuko dute.