‘Ikasturte Hasierako Bonoak’ kanpainan izena emateko epea zabalik daukate Ondarroako denda eta zerbitzuek
Parte hartu nahi dutenek dagokion dokumentazioa entregatu beharko dute Zatozteren Bulegoan. Dokumentazioa prest eramatea eskatu du udalak, "jende pilaketarik ez egoteko".
‘Ikasturte Hasierako Bonoak’ kanpaina abiaraziko du datozen egunetan Ondarroako Udalak, baina kanpainari ekin aurretik herriko denda eta zerbitzuei izena emateko aukera zabaldu diete. Beraz, kanpainan parte hartu nahi duten establezimenduak izena ematen hasi ahal dira gaurtik [irailak 17] aurrera Zatozteren bulegoan.
Kanpainara atxikitzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute: Atxikitze Orria eta IAE/EJZren alta orria. Astelehenetik barikura, 09:30etik 14:00etara, aurkituko dute zabalik Zatozteren bulegoa.
Dokumentazioa prest eramatea eskatu du udalak, “COVID-19a dela eta, bulegoan bertan ahalik eta jende gutxien pilatzeko”. Kanpainaren oinarriak eta atxikitze orria Ondarroako Udalaren webgunean eskuratu daitezke.