Kutxabankeko bulegoak "berehala" zabaltzeko eskatu dute Aulestik eta Berriatuak
Martxoan itxi zituzten aipatu herrietako bulegoak. Beste arrazoi batzuk tarteko, biztanle gehienak 70 urtetik gorakoak direla eta ez dituztela teknologia berriak erabiltzeko beste baliabide esan dute bi herrietako udal ordezkariek.
Aulestin eta Berriatuan sei hilabete daramatzate Kutxabankeko bulegoek zarratuta. Banketxe bakarrak dauka bulegoa bi herrietan, eta martxoan itxi zituztenetik, oraindik zabaldu gabe jarraitzen dutela esan dute. “Sei hilabete geroago, eta normaltasun berria bizitzen ari garenean, bi herrietan kutxazaina baino ez dago erabilgarri”. Hala, Kutxabanki bulegoak zabaltzeko eskatu diote, “bizitza errazteko eta, batez ere, adineko jendearen autonomia bermatzeko”. Ibarrangeluko eta Busturiko udalek ere sinatu dute eskaera.
Udal ordezkariek esan dutenez, bulegoak zabaltzeko eskaera behin baino gehiagotan egin izan dute; eskaera horiek euren kudeatzaileen bidez egin izan dituzte. “Eta egoerak berdin jarraitzen du”.
Kutxabanken bulego horiek ez dietela soilik herri horietako biztanleei zerbitzua ematen gaineratu dute. “Euren egoera estrategikoa dela eta, inguruko herrietako jendeak ere erabiltzen ditu. Beraz, zerbitzu horren murrizketak herri horiek gainditzen ditu eta persona askori eragiten die”.
Aulestin eta Berriatuan (baita Ibarrangelun eta Busturian ere), biztanleriaren %70ak 70 urte baino gehiago dituela azpimarratu dute. “Gehienek ez dute banku eragiketak egiteko teknologia berriak erabiltzeko beharrezko baliabide eta ezagutzarik”. Bide horretatik, bulegoak zarratuta daudenean, adineko jendeak autonomiaren zati handi bat galdu egiten duela diote. “Ez dute telematikoki jarduteko gaitasunik, eta hurbilen dagoen bulegora –Gernika-Lumo, Lekeitio, Ondarroa…– hurbiltzeak herritik atera beharra suposatzen die. Horretarako ez dute beti ahalmenik ez eta baliabide egokirik”.
Udalerriko enpresak ere bulegoen itxierak kaltetutako sektorea direla diote. “Beste udalerri batzuetara joan behar izaten dute beharrezko eragiketak egitera”. Eta tokiko zenbait erakunde ere egoera horretan aurkitzen direla diote. “Eragiketa batzuk ezin dia telematikoki egin, eta, ondorioz, ezinbestean beste herri bateko bulegora joan behar izaten dugu. Han itxaron egin behar izaten dugu. Denbora asko galtzen da“.
Kutxabanki eskaera bideratu dioten udalek, gainera, eskudirutan batu behar izaten dute helbideratu gabeko ordainagiriak, “auzokideei bizitza errazteko”. Bulegoak itxita daudenez, udaletxeko leihatilan ordaindu behar izaten dutela diote. “Bulegoak itxita daudenez, ezin dute ordainketa haren bidez egin”.
Bulegoak itxita mantentzearen arrazoirik ez dakitela diote. “Kutxabankek Bizkaiko herritarren artean eduki duen hurbiltasun eta errotze irudia kontuan hartuta, ikusten dugu pertzepzio hori okertzen ari dela erabiltzaileen artean. Gainerako administrazioak, negozioak, elkarteak edota zerbitzuak martxan ipini diren bitartean, Kutxabanken bulegoen itxita jarraitzen dute. Egungo errealitateari ezin zaizkio ezarri bulego horien aldi baterako itxiera dekretatzeko baldintzak”.