Bizkaiko Bertsolari Txapelketa datorren urtera atzeratu dute
Txapelketaren saioak egiteko "baldintzarik egon ez arren", bestelako saio batzuk antolatzeko aukera badagoela esan dute. Udazkenerako bertso saioen zirkuitu txiki bat prestatzen ari direla aurreratu dute.
Udabarria Bertsotan sailkapen fasea amaitu eta gero, Bizkaiko Bertsozale elkarteak jakinarazi du COVID-19ak eragindako egoera tarteko, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa datorren urtera atzeratzeko erabakia hartu dutela. Esan dutenez, “zalantza eta bilera askoren ostean” hartu dute erabakia.
Ondokoa adierazi dute Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariek: “Txapelketak parte hartzaileengan duen eragina handia da, euren ikusgarritasuna plaza honek ematen du eta hurrengo urteetarako plazak eskaintzen dizkie. Urte berezia da, eta zaila da aukera berdintasuna bermatzea egoera honetan. Batetik, saioen ezaugarriak pandemiaren bilakaeraren arabera aldatu daitezke eta, bestetik, sailkapen izaera duenez, saio batetan parte hartu ahal ez izateak, Txapelketa osoa galtzea eragingo luke”.
Dena dela, txapelketaren saioak egiteko “baldintzarik egon ez arren”, bestelako saio batzuk antolatzeko aukera badagoela esan dute. “Kultura segurua dela berretsi nahi dugu, eta guztiok seguru egonda egiteko moduko saioak antolatu daitezkeela uste dugu”. Bide horretatik, udazkenerako bertso saioen zirkuitu txiki bat prestatzen ari direla aurreratu dute, “kulturak merezi duelako eta baita bertsozaleek ere”.
Bestalde, Udabarria Bertsotan Bizkaiko Bertolari Txapelketarako sailkapen fasea atzo [irailak 24] amaitu zen, eta beraz, dagoeneko osatu da txapelketa lehiatuko dutenen zerrenda: Lea-Artibaiko hiru bertsolari sailkatu dira, eta guztira eskualdeko bost ariko dira Bizkaiko Txapelketan. Izan ere, 2018ko txapelketaren finalaurrekoetan egon ziren bertsolariak kanporaketetan zuzenean sartuko dira, eta horien artean daude Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra eta Xabat Galletebeitia lekeitiarra.