Udabarria Bertsotan fasetik Lea-Artibaiko hiru bertsolari sailkatu dira Bizkaiko Txapelketara
Aissa Intxausti lekeitiarra, Garazi Navarro amorotarra eta Josune Aramendi markina-xemeindarra sailkatu dira. Bizkaiko Bertsozale Elkartean Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratzea erabaki dute, printzipioz, datorren urtera.
Udabarria Bertsotan Bizkaiko Bertolari Txapelketarako sailkapen fasea atzo [irailak 24] amaitu zen, eta beraz, dagoeneko osatu da txapelketa lehiatuko dutenen zerrenda. Dena dela, Bizkaiko Bertsozale elkarteak gaur [irailak 25] jakinarazi du Bizkaiko Txapelketa datorren urtera atzeratzea erabaki dutela, “printzipioz”.
Eskualdeko bost bertsolari ariko dira txapelketan. Horietatik hiru dira Udabarria Bertsotan fasetik sailkatutakoak: Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarra, Garazi Navarro Ugarteburu amorotarra eta Josune Aramendi Perez markina-xemeindarra.
2018ko txapelketaren finalaurrekoetan egon ziren bederatzi bertsolari kanporaketetan zuzenean sartuko dira, eta orain dela bi urteko finalistak, berriz, finalaurrekoetan sartuko dira, eta horien artean daude Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra eta Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra.
Atzo [irailak 24] lehiatu zituzten Udabarria Bertsotan sailkapen faseko azken bi saioak, Zallan eta Derion. B multzoko saioan, Mikel Retolaza Etxebarria izan zen puntu gehien lortu zituena: 188,5 puntu. Beragaz batera Aramendi markina-xemeindarrak (163,5 puntu) eta Intxausti lekeitiarrak (162,5 puntu) bigarren eta hirugarren sailkatuek lortu dute Bizkaiko Txapelketarako txartela. Lurdes Ondaro Mallea munitibartarra izan zen laugarrena (144,5 puntu), Eneko BarruetabeƱa Bilbao bosgarrena (142 puntu) eta Iker Apraiz Solaguren (138,5 puntu) seigarrena.
Zallako A multzoko saioan, Gorka Pagonabarraga Agorria nagusitu zen; bera izan da sailkapen fase honetan puntu gehien lortu dituen bertsolaria: 189,5 puntu. Navarro amorotarra bigarren sailkatu zen, 171,5 putugaz.
Udabarria Bertsotan fasetik 27 bertsolarik lortu dute Bizkaiko Txapelketara sailkatzea; A multzoko hamahiruk eta B multzoko hamalauk.