Karraspiok eta Ogellak puntuazio altuak eskuratu dituzte segurtasunean eta garbitasunean, hurrenez hurren
Bizkaiko Foru Aldundiak aurtengo hondartza denboraldiaren balorazioa egin du. Erabiltzaileen iritziz, Mendexako hondartza (Karraspio) lurraldeko hirugarren hondartza seguruena izan da. Ispasterko hondartzak, ostera, garbitasunean puntuaziorik altuena jaso du (8,65). Ume gehien hartu dituzten hondartzen artean dago Lekeitioko Isuntza.

Urtero modura, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko hondartza denboraldiaren balorazioa aurkeztu du. Herritarrek erantzundako inkestaren arabera, Mendexako Karraspio lurraldeko hirugarren hondartza seguruena izan da; 9,21 puntuazioa eskuratu du Karraspiok, eta zerrendan Sopelako Arriatera-Atxabiribilen (9,30) eta Eako hondartzaren (9,22) atzetik geratu da. Garbitasunean, ostera, Ispasterko Ogellak eskuratu du puntuaziorik altuena (8,65). Hondartzetan zenbatutako bisita kopuruari dagokionez, esan dute pandemiak ez duela bisitetan beherakadarik eragin. “Arten 2.708.560 lagun joan dira hondartzara, 2019an baino % 6,48 gutxiago. Dena dela, kontuan eduki behar da aurtengo denboraldia iazkoa baino beranduago hasi dela”. Inkestari erantzun diotenen %58,9k adierazi du iaz beste bider joan dela hondartzara; beste %12,9k, ostera, iazko udan baino gehiagotan joan dela esan du.
Herritarrek segurtasuna baloratu dute ondoen. Hain zuzen, alor horri 10etik 8,78ko puntuazioa eman diote. Dena dela, . “Istripuen prebentzio, sorospen eta laguntzarako zerbitzuak puntuazio hori gainditu egiten du (9,81 puntu), bai eta bainatzeko segurtasunak ere (9,46 puntu)”.
Zakarrontzien eskuragarritasunak iaz baino puntuazio baxuagoa lortu duela esan dute; aurten 7,24ko puntuazioa eskuratu du alor horrek, eta 2019an 8,19 puntu. “Aurtengo denboraldian, baina, pandemiak eragina izan du garbitasunean, ezin izan baita zakarrontzirik jarri hondartze barruan, soilik sarrera-irteeretan”.
Zerbitzuek zein ekipamenduek 7,17ko puntuazioa lortu dute, 2019an lortutako puntuazioa baino txikiagoa. Beherakada hori dutxa kopuruari buruzko balorazioak eragin duela esan dute. “Aurten dutxa gutxiago jarri dira, erabiltzaileen arteko distantziak mantentzea bermatzeko”.
Aipagarria da hondartzara ume barik joan direnen kopuruak gora egin duela. Aurten, hamarretik zortzi izan dira ume barik joan direnak, eta iaz hamarretik zazpi izan ziren. Ume gehien jaso dituzten hareatzak Isuntza (Lekeitio), La Arena (Zierbena-Muskiz) eta Laida (Ibarrangelu) izan dira.
Beste aldaketa nabarmen bat hondartzan egondako denboran antzeman da. Iaz, erabiltzaile bakoitza batazbeste 4,25 ordu egon zen hondartzan, eta aurten 3,67.
Orokorrean, hondartzetan “seguru” sentitu dira erabiltzaileak, bai hareatzan eta baita ere uretan; hondartzan seguru sentitu diren pertsonen ehunekoa %77,9 da, eta uretan seguru sentitu direnena %74,9. Horrez gain, COVID-19ari buruzko informazioa emateko seinaleak eta kartelak “modu positiboan” baloratu direla esan dute. “Alor horrek 7,39 puntu lortu ditu”.
Hondartzei buruzko informazio eskaintzeko aldundiak bi kanal eduki ditu aurten: webgunea eta BizkaiUP aplikazioa. “Inkestari erantzun dioten pertsonen % 23,6k lehenengoa erabili du, eta % 16,4k, bigarrena. Tresna biek jaso dute puntuazio altua argitasunaren eta erabilgarritasunaren arloan: 7,54 webguneak eta 7,72 App-ak. Horrez gain, “okupazio altuko momentuak seinaleztatzeko jarritako anbar koloreko bandera ere oso ongi batekin baloratu dute (7,27)”.
Bisitari gehien zenbatu diren hilabeteak uztaila eta abuztua izan direla esan dute; uztailean 1.055.914 pertsona zenbatu ziren, eta 785.736 abuztuan). “Ekainean denboraldia normalean baino hamabost egun beranduago hasi bazen ere, ekainean irailean baino jende gehiago zenbatu zen: 448.647 pertsona ekainean eta 418.263 irailean. Baliteke iraileko azken bi asteetan egin duen eguraldi txarrak eragina edukitzea”.
Bisita gehien jaso dituzten hondartzak hauek dira: Getxoko Ereaga (327.206 pertsona), La Arena (306.632), Gorliz (263.275), Sopelako Arriatera-Atxabiribil (226.651) eta Plentzia (221.040). Eta bisita gehien zenbatu diren denboraldiko egunak ondokoak izan dira: uztailaren 19a (86.202 erabiltzaile), abuztuaren 6a (76.362) eta irailaren 13a (75.416).
Itxitako hondartzak. Hondartzak dauden udalerrietako udalekin batera okupazioa kontrolatzeko ezarritako dinamikagaz bat, guztira 20 hareatza itxi dira 20 egunetan: hondartza bat ekinean (ekainaren 30ean), bederatzi uztailean (4, 5, 13, 18, 19, 20, 25, 30 eta 31), sei abuztuan (5, 6, 16, 19, 20 eta 27), eta lau irailean (2, 3, 4 eta 13). “Bi momentutan itxi dira 9 hondartza aldi berean: abuztuaren 19an (La Arena, Las Arenas, Muriola, Gorliz, Bakio, Aritzatxu, Laga, Isuntza eta Karraspio) eta irailaren 13an (La Arena, Barinatxe, Arriatera-Atxabiribil, Muriola, Plentzia, Gorliz, Aritzatxu, Toña eta Laga). Bi egun horietan itsasgora altua egon zen”.
Hondakin kopurua. Aurtengo denboraldian 442.730 kilo hondakin batu dira Bizkaiko hondartzetan; gehienak (384.347 kilo) erabiltzaileek sortu eta hondartzetako sarbideetako zakarrontzi eta edukiontzietan jaso dira. Gainerakoak itsasaldiek kostaldera ekarritako hondakinak izan dira. “Guztira, aurten iaz baino hondakin gutxiago jaso dira (%6,4 gutxiago).