Jaurlaritzaren dekretuaren gakoak, puntuz puntu
Ezin da Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabatik irten lan, osasun arrazoi edo larrialdiagatik ez baldin bada. Etxeratze agindua 23:00etatik 06:00ak artean ezartzea ere onartu du Jaurlaritzak. Mugakide diren herrietara joateko baimena ere egongo da, bakarrik, baina, jarduera sozioekonomikoak egiteko.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri berri ditu Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabarako neurri murriztaile gehiago. Konfinamendua ezartzea erabaki du LABI babes zibileko planaren aholku batzordeak, beraz, ezin izango da Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabatik irten lan, osasun arrazoi edo larrialdiagatik ez baldin bada. Neurriak bihar [urriak 27] sartuko dira indarrean, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean.
Osagarri gisa, pertsonek bizilekua finkatuta duten udalerriko mugetatik irtetea edo beste udalerrietan sartzea ere mugatu dute. Hori da neurririk berriena eta zorrotzena, eta herritarren mugimendua gehien mugatuko duena. Norbere herritik, lan, osasun, ikasketa edo zaintza arrazoiengatik soilik irten ahalko da. Mugakide diren herrietara joateko baimena ere egongo da, bakarrik, baina, jarduera sozioekonomikoak egiteko.
Pertsona taldeak espazio publiko eta pribatuetan egoteko muga ezarri dute baita. Horrela, erabilera publikoko espazioetan edo erabilera pribatuko espazioetan gehienez ere 6 pertsona egon beharko dira, familiako kideak izatea izango da salbuespena.
Etxeratze agindua 23:00etatik 06:00ak artean ezarriko du Jaurlaritzak, Espainiako gobernuak proposatutako tarte horretan. Salbuespen batzuk ezarri dituzte: kalera ateratzeko aukera egongo da botikak erosteko, erietxera joateko, albaitariarengana larrialdi batekin joateko, lanera joateko, etxera itzultzeko eta adinekoak, adingabeak edo mendekotasuna dutenak zaintzeko. 00:00etatik 6:00etara ez da garraio publikorik egongo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Azkenik, dekretu horrek ezartzen du aldez aurretik hartutako neurri guztiek indarrean jarraituko dutela.
NEURRI GUZTIAK, PUNTUZ PUNTU:
- Etxeratze agindua. Espainiako Gobernuak alarma egoera ezartzean egindako proposamena onartu du Jaurlaritzak, eta indarrean dago jada erkidegoan: 23:00etatik 06:00etara ezin da kalean ibili, ez bada salbuespen hauetakoren baterako: lanera joateko, sendagaiak erosteko, medikuarenera edo albaitariarenera joateko, legezko betebeharrak betetzeko, zaintza lanetarako eta «ezinbestekoa» den kasuetarako.
- Erkidegoko sartu-irtenak. Espainiako Gobernuaren beste proposamen bat ere indarrean jarri du Jaurlaritzak: ezin da erkidegotik irten, salbuespenak kenduta. Hauek dira: lanera joatea, medikutara, ikasketa zentroetara, menpekotasunen bat dutenak eta adinekoak laguntzera edo zaintzera, azterketa ofizialak egitera, epaitegira edo notarioarenera… Zirkulazioari dagokionez, erkidegotik igaro daiteke, baldin eta beste leku batera joateko bidaia baldin bada.
- Udalerrietako sartu-irtenak. Itxierekin harago jo du Jaurlaritzak, ordea, eta ezarri du norberak bizileku duen herritik ezin duela irten: erkidegoko sartu-irtenetarako salbuespen kasu berberetan ez bada (lanera joan beharra, ikastera, norbait zaintzera…), ezin da beste udalerri batera joan. Agindu horrek badu salbuespen bat, hala ere: «mugakide diren herrien arteko mugikortasuna» onartuta dago, baldin eta helburua bada «banakako gizarte-, ekonomia- eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egitea».
- Jendea elkartzea. Gehienez sei laguneko taldeak elkar daitezke edozein lekutan izanda ere: toki itxietan eta aire zabalekoetan, pribatuetan eta publikoetan. Sei lagun baino gehiago elkartu daitezke soilik elkarrekin bizi baldin badira.
- Ostalaritza. Tabernak eta jatetxeak 23:00etarako itxi behar dituzte: ordu horretarako, joan egin beharko dute bezeroek —23:00etatik aurrera ezin da kalean egon—. 06:00ak arte, etxeratze agindua indarrean den arte, ezin dira tabernak ireki. Egun guztietarako ordutegi bera du ostalaritzak: astegunetarako eta jaiegunetarako. Barran kontsumitzea debekatu egin dute, eta une oro maskararekin egon behar dute bezeroek, jateko eta edadeko momentuan soil-soilik kenduta. Ordutegi muga hori ez dute izango gasolindegietako tabernek, baina 23:00etatik 06:00etara garraioko profesionalei soilik eman diezaiekete zerbitzua. Itxita segituko dute diskotekek eta gaueko aisialdiko establezimenduek, non eta ez duten egunean zehar taberna gisa funtzionatzeko baimenik.
- Elkarte gastronomikoak. Itxita jarraituko dute.
- Joko eta apustu etxeak. Tabernak bezala, itxita egongo dira etxeratze agindua indarrean den denboran: 23:00etatik 06:00etara.
- Establezimenduak. Gehieneko edukiera adierazi beharko dute jendaurrean, eta neurriak hartu beharko dituzte segurtasun tartea mantentzeko. Gutxienez hiru aldiz aireztatu behar dute lokala. 20:00etatik 08:00etara ezin dute alkoholik saldu —ostalaritzan, bai—.
- Azokak. Aire zabalen egiten diren azoketan, gehienez postuen erdiak jarri ahalko dira, eta metro eta erdiko distantzia beharko da postu batetik bestera. Bezeroen joan-etorria ere mugatuta egongo da, distantziari eusteko.
- Hilbeilak eta ehorzketak. Beilatokietan ezin dira bildu 30 pertsona baino gehiago aire zabalean, eta sei lagun barneko eremuetan. Ehorzketetan eta errausketetan, aire zabalean 30 lagunekoa da muga, eta barruan, hamar lagunekoa. Une oro maskara erabili beharko da.
- Kultu lekuak. Ohiko edukieraren erdia bete ahalko da gehienez, eta metro eta erdiko distantzia beharko da pertsona batetik bestera.
- Kultur jarduerak. Erdira jaitsi beharko dute ekitaldia egin nahi den lekuko edukiera, eta ezin izango dira 400 lagun baino gehiago elkartu —aire zabalean, 600 lagun—. Metro eta erdiko distantzia beharko da publikoan daudenen artean —elkarrekin bizi direnek aukera izango dute elkarren alboan jartzeko—.
- Kirola. Dekretuak hau dio: «Taldeko edozein kirol jarduera eten egiten da. Bakarka bakarrik egin ahal izango da kirola». Badira salbuespenak: gimnasioetako ikastaroak taldean egin daitezke —maskararekin—, eta onartuta daude «lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean» ari diren taldeen entrenamenduak eta partidak ere. Profesionalak ez direnen kasuan, gehienez sei laguneko entrenamenduak egin ditzakete, eta lehiaketak eten egin dira. Kirol instalazioetan, edukieraren erdia bete ahalko da gehienez. Eskola kirolari dagokionez, dekretuak dio 16 urtetik beherakoentzako «kirol jarduera antolatuak» eten egin direla.
- Garraio publikoa. Ez dago edukieraren mugarik garraio publikoetan: «Ibilgailuak gehieneko edukiera bete arte» sartu ahal izango da jendea. Garraio publikoak 24:00etan du abiatzeko azken ordua, etxeratze agindua indarrean ezarri eta ordubetera. Taxiek eta ibilgailu gidaridunek ez dute ordutegi muga hori.
- Auto pribatua. Ibilgailuan sartzen den gehienezko jende kopurua joan daiteke autoan. Elkarrekin bizi direnak soilik badoaz ibilgailuan, ez dute maskara jarri beharrik izango; bestela, bai, 6 urtetik gorako guztiek behar dute maskara.