Bizkaiko egoitzetan senideen bisitak jaso ahal direla gogorarazi du aldundiak
Aldundiko ordezkariek esan dute bisita horiek funtsezkoak direla egoiliarren ongizate emozionalerako.
Eusko Jaurlaritzaren dekretua indarrean sartu berri, Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazi du mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzako egoitzetan bisitak egiten jarraitu ahal izango dela, irailaren 24an indarrean jarri zen azken foru aginduan ezarritako baldintzetan. Eta nahiz eta senidea beste herri batean bizi, egoitza batean dagoen bere senidea bisitatzeko herritik atera ahalko da.
Ohar hori bideratu dute aldundikoek, uste bai dute bisita horiek Jaurlaritzaren dekretuan mendekotasun egoeran dauden adinekoak edo desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzeko eta pertsona horiei laguntza emateko ezarritako salbuespenen barruan sartzen direla. “Bisita horiek funtsezkoak dira egoiliarren ongizate emozionalerako”. Beraz, bisitak egiten jarraitu ahal izango da, COVID-19aren hedapena eragozteko beharrezkoak diren mugen barruan, eta osasun berme guztiekin eta kontrol neurri zehatzak hartuta egiten badira.
Foru erakundeak ohar horren berri emateko SMS bat bidaliko die abuztuaren amaieratik erregistratu diren 7.000 bisitariri baino gehiagori.