Bingen Zupiriak esan du itxialdi orokorra saihesteko "tematuta" daudela
Bozeramaileak adierazi du itxialdi orokor bat ezarri aurretik beste neurri "asko" har daitezkeela. Gaineratu du Bizi Berri dokumentuak hainbat jokaleku aurreikusten dituela, eta, horiek aintzat hartuta, Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoa "zutabe gorrian" daudela.

COVID-19ak eragindako egoera zein den kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritza azken bi asteetan adierazten ari da mahai gainean dagoela itxialdi orokor bat. Baina, Bingen Zupiria bozeramaileak nabarmendu duenez, “tematuta” daude hori saihesteko ahaleginean. Gobernu kontseiluaren ondorengo agerraldian adierazi du beste neurri “asko” har daitezkeela joan den martxoko eta apirileko erabateko konfinamendura heldu aurretik.
Zupiriak esan du “normaltasun berrirako” Jaurlaritzak ondutako Bizi Berri dokumentuak hainbat jokaleku aurreikusten dituela, eta, horiek aintzat hartuta, Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoa “zutabe gorrian” daudela; hau da, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500 positibotik gorakoa dela. “Beste aldagai batzuk, gainera, adierazgarriak dira: transmisio tasa eta ZIUko ohe kopurua, besteak beste”.
Zupiriaren esanetan, “sekulako erronka da gaixotasunarekin batera epe luzez bizitzea”, eta nabarmendu du Jaurlaritzak uste duela hori ezin dela egin “soilik murrizketekin eta debekuekin”. Bozeramaileak pentsatzen du 2021eko udaberrian eta udan izurriaren “olatu berriak” etor daitezkeela. “Jaurlaritzak uste du ezin dugula hiru hilabetez behin etxean itxita egon zientziak gaixotasun hau menperatzea lortzen duen arte”.
LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea eguenean [azaroak 5] batuko da, eta litekeena da bilera horren ostean neurri berriak iragartzea.
Zupiriak adierazpen horiek egin ditu Arantxa Tapia Ekonimoaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera egindako agerraldian. Hain zuzen, Gobernu Kontseiluak Euskadiko ekonomia suspertzeko eta enplegua sustatzeko BERPIZTU Programa onartu duela esateko egin dute agerraldia. Azaldu dutenez, programa horren helburua da “galdutako enplegu guztia berreskuratzea eta langabezia tasa % 10etik behera kokatzea, 130.000 enplegu dinamizatuz”, hain zuzen.