Etxeko konfinamendua ezartzeko eskumenak lortu nahi ditu Jaurlaritzak
Alarma egoeraren dekretua aldatzeko eskatu dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, "hala beharko balitz" etxeko konfinamendua ezarri ahal izateko.

Alarma egoeraren dekretua aldatzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, atzo [azaroak 4] arratsaldean egin zuten Espainiako Osasun Ministerioaren Lurralde Arteko Kontseiluaren bileran. Berme juridiko guztiak eduki nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, “hala beharko balitz” etxeko konfinamendua ezarri ahal izateko.
Jaurlaritzaren ustez garrantzitsua da etxeko konfinamenduak ezartzeko aukera uztea autonomia erkidegoen esku, eta gaia aztertuko zuela erantzun zion Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak.
Horrez gain, egun indarrean dagoen alarma egoeraren dekretuak gaueko jarduera mugatzeko ordutegia aldatzeko aukerarik ematen duen ere galdetu zuen IƱigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Alarma egoera ezartzeko dekretuaren arabera, etxeratze agindua 23:00etatik 06:00ak artean dago ezarrita eta muga horien barruan erkidegoei ordua zehazteko eskumena eman zieten. Ez zuela uste, baina kontsultatu egingo zuela erantzun zion Espainiako Gobernuko Osasun ministroak.
Illak aditzera eman zuenez Gobernuak eta autonomia erkidegoek oraingoz baztertu egin dute etxeko konfinamendua aplikatzea, eta bi eta hiru aste arteko tartea eman dute hartutako neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko, koronabirusaren bigarren olatua geldiarazteko neurri berriak hartu aurretik.
Gaur [azaroak 5] arratsaldean batuko da LABI babes zibileko planaren aholku batzordea.