Hileta zibilak egiteko araudiari hasierako onespena eman dio Markina-Xemeingo Udalak
Hileta zibilak egiteko hiru toki izendatu dituzte, baina, aparteko egoeretan, beste lokal edo eremu publikoren bat erabiltzeko baimena ere eman ahalko dute.
Hileta zibilak arautzeko udal ordenantzari hasierako onespena eman dio Markina-Xemeingo Udalak. Urriaren 28an egin zen azken osoko bilkuran hartu zuen erabakia udalbatzak.
Behin behineko onespena da, oraingoz, hartutakoa, baina dagokion espedientea jendaurrean egon eta gero inolako alegaziorik ez badauka, aitatutako akordioa behin betiko bihurtuko da. Eta orduan, hileta zibilak egin ahalko dira Markina-Xemeinen, norberaren erlijio sinismenak edozein izanda ere.
Hileta zibilak egiteko hiru toki izendatu dituzte: udaletxeko osoko bilkura aretoa, Sagastiguren (Iparragirre) eta Xemeingo udaletxea izan zen eraikineko bigarren solairua. Udalak jakitera eman duenez, aparteko egoeretan, beste lokal edo eremu publikoren bat erabiltzeko baimena ere eman ahalko dute.