Azken hiru egunetan 37 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Barikutik domekara [azaroak 6-7-8] bitartean ondoko herrietan erregistratu dituzte COVID-19arekin kutsatutako kasu berriak: Lekeitio (12), Mutriku (6), Munitibar (5), Markina-Xemein (4), Ondarroa (4), Aulesti (3) eta Ziortza-Bolibar (3). Guztira, joan den aste osoan 99 kasu erregistratu zituzten Lea-Artibain eta Mutrikun.
Barikutik domekara [azaroak 6, 7 eta 8] bitartean 37 positibo kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun:
- Lekeitio: 12 (7 barikuan, 4 zapatuan eta 1 domekan)
- Mutriku: 6 (3 barikuan, 2 zapatuan eta 1 domekan)
- Munitibar: 5 (1 barikuan, 1 zapatuan eta 3 domekan)
- Markina-Xemein: 4 (2 barikuan, 1 zapatuan eta 1 domekan)
- Ondarroa: 4 (3 barikuan eta 1 domekan)
- Aulesti: 3 (2 zapatuan eta 1 domekan)
- Ziortza-Bolibar: 3 (bana barikuan, zapatuan eta domekan)
Lekeitiok eta Ondarroak gune gorrian egoten jarraitzen badute ere, eguenetik atzora arte, Ondarroa ia ehun puntu jaitsi da 100.000 biztanleko tasan: Ondarroak 675,20ko tasa dauka, eta Lekeitiok 979,85ekoa.
Atzoko [azaroak 8] datuak eman eta gero, joan den astean [azaroaren 2tik 8ra] Lea-Artibain eta Mutrikun COVID-19arekin kutsatutako 99 kasu berri erregistratu zituzten:
- Lekeitio: 34 kasu
- Markina-Xemein: 18 kasu
- Munitibar: 13 kasu
- Ondarroa: 13 kasu
- Mutriku: 13 kasu
- Ziortza-Bolibar: 7 kasu
- Aulesti: 5 kasu
- Berriatua: 5 kasu
- Etxebarria: 3 kasu
- Ispaster: kasu bat
Datu horiek guztiak kontuan hartuta, joan den astean soilik eskualdeko hiru herritan ez zituzten COVID-19 kasurik atzeman: Amoroto, Gizaburuaga eta Mendexa.
Lurraldeka. Azken hiru egunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 38.498 proba egin dituzte (33.969 PCR eta 4.529 serologiko). Horietatik 3.867 positibo erregistratu dituzte (%10,04); 3.124 positibo PCR probetan erregistratu zituzten, eta 743 serologikoetan. Lurraldeka, Bizkaian erregistratu dituzte kasu gehienak (1.870); Gipuzkoan 1.639 erregistratu dituzte, eta 325 Araban. Horiei EAEn bizi ez diren herritarren artean atzemandako 33 kasu gehitu behar zaizkie.
Ospitaleratuta daudenak 508 dira (azken hiru egunetan 45 pertsona gehiago ospitaleratu dituzte), eta horietatik 130 daude ZIUn (azken hiru egunetan 19 pertsona gehiago sartu dituzte ZIUn).
Sagarduiren irakurketa. Bestalde, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak zapatuan [azaroak 7] esan zuen datuek berretsi egiten dutela Jaurlaritzak eguenean [azaroak 5] iragarritako neurri berriak. “Datu berriek Jaurlaritzak mugikortasuna mugatzeko hartutako erabakia berresten dute”. Bilakaera epidemiologikoa goraka doala eta asistentzia presioa “gero eta handiagoa” dela gaineratu zuen. “Hori lortzeko, orain jardun behar dugu. Gure bizitza soziala eta mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko eskatzen diet pertsona guztiei, bestela konfinamendura kondenatuta egongo gara”.