Azken orduetan 22 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Atzo [azaroak 9] ondoko herrietan erregistratu zituzten kasu berriak: Lekeitio (7), Mutriku (5), Ondarroa (3), Markina-Xemein (2), Aulesti (2), Amoroto (1), Gizaburuaga (1) eta Munitibar (1). Lekeitiok eta Ondarroak gune gorrian egoten jarraitzen dute, eta Mutriku laranjan dago, 449,94ko tasarekin.
Azken 24 orduetan COVID-19arekin kutsatutako 22 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun: Lekeitio (7), Mutriku (5), Ondarroa (3), Markina-Xemein (2), Aulesti (2), Amoroto (1), Gizaburuaga (1) eta Munitibar (1). Lekeitiok eta Ondarroak gune gorrian egoten jarraitzen dute; 100.000 biztanleko Lekeitiok 993,65eko tasa dauka, eta 605,36koa Ondarroak. Mutrikuk gune laranjan egoten jarraitzen du, baina 449,94ko tasa dauka. Datozen egunetan 500era helduko balitz, Mutriku berriro ere gune gorrian egotera pasatuko litzateke.
Bizkaiko Foru Aldundiak, bere aldetik, gaur [azaroak 10] berritu ditu adinekoen egoitza zentroen sarean kutsatutakoen datuak. Lurralde osoan 58 erabiltzaile daude positibo emanda, horietatik 12 Munitibarko Oizpe egoitzan. Aldundiko iturriek azpimarratu dutenez, azken orduetan ez da egoitzako erabiltzailerik hil COVID-19arekin.
Lurraldeka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo [azaroak 9] 14.039 proba egin zituzten (11.688 PCR eta 2.351 antigeno). Horietatik 1.310 positibo atzeman zituzten (%9,3). Bizkaian 631 positibo erregistratu zituzten, 552 Gipuzkoan eta 110 Araban. Horiei EAEn bizi ez diren herritarren artean atzemandako 17 positibo gehitu behar zaizkie.
Hiru lurraldeetako ospitaleen egoera ere are gehiago ari da okertzen. Atzora arte, 518 pertsona zeuden ospitaleratuta, eta horietatik 135 ZIUn zeuden; atzo [azaroak 9], azken asteetako ospitaleratze gehien egin ziren (91).