Markina-Xemeingo Udalak zerga eta tasa guztiak izoztu ditu
Aho batez hartu du erabakia, udalbatza osoak, azken osoko bilkuran.
Markina-Xemeingo Udalak 2021eko zerga eta tasa guztiak izoztea erabaki du, aho batez, azken osoko bilkuran. “Herritar askoren egoera ekonomikoa egun batetik bestera aldatu eta okertu dela jakinik datorren urtean tasak eta zergak bere horretan mantentzea erabaki dugu”, azaldu dute.
Ez dute igoerarik aplikatuko Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, Ekonomi Jardueren gaineko Zergan Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergan, zaborra eta estolderia, Bide Publikoaren Okupazioan eta Barroetako futbol zelaiagatik ordaintzen den tasan.
Horrez gain, lehen itxialditik, Bide Publikoaren Okupazio Tasan hobariak ezarri dizkie Markina-Xemeingo Udalak tabernei. Bide horretatik jarraituz, 2021eko maiatzaren 1era arte terrazen tasan %50eko hobaria ezartzen jarraitzea erabaki du udalak.