18 positibo gehiago erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Azken 24 orduetan ondoko herrietan erregistratu dituzte kasu berriak: Mutriku (6), Lekeitio (3), Munitibar (3), Ondarroa (2), Markina-Xemein (1), Gizaburuaga (1), Berriatua (1) eta Amoroto (1). Lekeitiok, Ondarroak eta Mutrikuk gune gorrian egoten jarraitzen dute.
Atzo [azaroak 11] egindako probetan 18 positibo berri erregistratu zituzten Lea-Artibain eta Mutrikun: Mutriku (6), Lekeitio (3), Munitibar (3), Ondarroa (2), Markina-Xemein (1), Gizaburuaga (1), Berriatua (1) eta Amoroto (1). Gainera, Lekeitiok, Ondarroak eta Mutrikuk gune gorrian egoten jarraitzen dute. Mutrikuko inzidentzia tasa nabarmen igo da, eta 100.000 biztanleko 637,42ko tasa dauka; Lekeitiok eta Ondarroak 924,65eko eta 523,86ko tasa daukate, hurrenez hurren.
Lurraldeka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo [azaroak 11] 16.338 proba egin zituzten (13.436 PCR eta 2.902 antigeno). Horietatik 1.409 positibo (%8,6) erregistratu zituzten (1.007 PCR bidez eta 402 antigenoen bidez). Kasu gehienak Bizkaian erregistratu zituzten (663); Gipuzkoan 601 atzeman zituzten, eta Araban 126. Horiei EAEn bizi ez diren herritarren artean atzemandako 19 kasu gehitu behar zaizkie. Kutsatu gehien 40-64 urte bitartekoen artean erregistratzen jarraitzen dute (603).
Ospitaleratutakoei dagokienez, azken egunetan goranzko joera mantendu eta gero, atzo [azaroak 11] behera egin zuen ospitaleratutakoen kopuruak. Hala, atzo 496 pertsona zeuden ospitaleratuta (herenegun baino 10 gutxiago). Eta horietatik 132 ZIUn zeuden (herenegun baino 1 gutxiago).
Grebaren eragina. Bestalde, gaur [azaroak 12] osasun langileak greba egiten ari dira. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, goizean %9,30eko eragina eduki du grebak hiru lurraldeetako osasun zentroetan. Esan dutenez, grebarekin bat egin dute sendagileen %10,07k, erizainen %6,99k eta beste osasun langileen %8,66k.