Javier eta Ane Urrestik Euskal Herriko txinga eroate txapelketa lehiatuko dute
Aita-alaba ondarrutarrek Arabako Ordoñana herrian jokatuko dute EHko txapelketa.
Argazkia: Mutrikuko Sokatira Taldea. Emakumezkoen eta gizonezkoen txinga eroate eta lasto jasotze txapelketak Arabako Ordoñana herrian jokatuko dituzte domekan [azaroak 29], 12:00etatik aurrera. Emakumezkoenak lehiatuko dituzte lehenengo, eta jarraian gizonezkoenak.
Emakumezkoen txinga eroatekoan hiru bizkaitar lehiatuko dira. Ane Urresti ondarrutarragaz batera, Nerea Egurrola Ormaetxea eta Garazi Arruti Garaizar ariko dira lanean. 25 kiloko bi txinga (bana eskuko) denbora mugarik gabe ahalik eta distantzia luzeenean eraman beharko dituzte.

Jabier Urresti. Argazkia: Mutrikuko Sokatira Taldea.
Gizonezkoenean, berriz, zazpi izango dira parte hartzaileak: Javier Urresti ondarrutarra, Kerman Perez de Heredia Arbigano, Jon Beobide Ramirez, Eloy Salterain Azkarate, Mikel Zenitagoia Apraiz, Iker Goldarazena Pabollet eta Imanol Martin Muxika.
Horiek 50 kiloko bi txinga (bana eskuko) denbora mugarik gabe ahalik eta distantzia luzeenean eraman beharko dituzte. Kirolariak binaka arituko dira. Aurtengo urtea ez ohikoa denez, ez dakite bakoitza zelan entrenatu den eta ze mailan egongo den, baina Urrestiren berbetan, azken urteotako txapelduna den Perez de Heredia da faboritoa: “Ez dut uste ezustekorik egongo denik”.
Mutrikuko Sokatira Taldekoa da Urresti eta eskarmentu handia dauka herri kirol erakustaldietan zein txapelketetan. “2010ean etenaldia egin nuen arte, txinda eroateko txapelketetan 25 bat urtez aritu naiz urtero-urtero txapelketetan. Eta Mutrikuko Sokatira Taldekoak herri kirol erakustaldiak egiten aritzen gara”.
Ane alaba iaz hasi zen eurekin sokatiran, eta beretzat txinga eroateko lehen txapelketa da aurtengoa. “Gustura dabil. Txinga eroateko erakustaldiak ere egin ditu, eta aurten txapelketan parte hartzera animatu dut, txapelketa mundua ezagutu dezan. Gehienbat berari laguntzearren parte hartuko dut. Anegaz ariko diren Garazi eta Nerea asko ibiltzen dira txinga eroaten, eta marka politak dituzte biek”.