Plazabarripeko margoketa lanen hasierak haserrea eragin du Markina-Xemeingo eragileen artean
Udalak proiektu hori martxan jartzeko erabilitako moduak eta harturiko jarrerak ez zaizkiela gustatu azpimarratu dute. Herrigintzaren historiaren parte bat "inongo gupidarik barik" ezabatu dutela diote.
Plazabarripeko horma-irudiak margotzen hasi da aste honetan Markina-Xemeingo Udala, eta horren aurreko haserrea partekatu nahi izan dute herriko zenbait eragilek, ETXAk eta Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak. Izan ere, ekainean jakinarazi zuen proiektua udalak, eta Plazabarripeko berriztapena herriko eragileen esku uztea eskatu zioten udalari. Hau da, Plazabarripea dagoen moduan utzi eta kanpotik hori berriztatzeko enpresa bat ekarri beharrean, zaharkituta geratu diren muralak gaur egun martxan dauden herri eragileei berriztatzeko edota aldatzeko aukera ematea. “Horma-irudi berrien margoketa lanak martxan daudela ikusirik, udalarekiko gure haserrea partekatu nahi dugu, herrigintzaren historiaren parte bat inongo gupidarik barik ezabatu duelako”, azaldu dute.
Argi utzi dute udalaren proiektua ez dutela baztertzen. “Jakin badakigulako gure muraletako batzuk zertxobait zaharkituak daudela eta hauek berriztatzea komenigarria litzatekeela”. Baina proiektu hori martxan jartzeko erabilitako moduak eta harturiko jarrerak ez zaizkiela gustatu azpimarratu dute. “Ustez herriaren parte hartzea sustatzen duen udalak urte luzez herrigintzan aritu diren eragileen iritzia baztertu du. Beraz, parte hartze modu horregaz ez gatoz bat”.
Azaldu dutenez, ekainean jakin zuten udalak Plazabarripean dauden muralak ezabatu eta berriak egiteko egitasmoa martxan jarri nahi zuela. “Eragileok, ordea, udalaren partetik, ez genuen proiektu honen berririk jaso”. Gainera, euren desadostasuna adierazteko, ekain amaieran udalari idatzi bat helarazi ziotela gogora ekarri dute. “Hala ere, ez genuen erantzunik jaso, eta proiektuak aurreikusita zeukaten moduan jarraitu du aurrera”.
Eragileek nabarmendu dutenez, talde eta pertsona ezberdinen parte hartzea islatzen da Plazabarripeko hormetan: “Horma-irudi horiek herri mugimendu bakoitzak urteetan landatutako haziaren fruituak dira. Horregatik, gutxienez, horiek kentzeko proiektua martxan jartzera doazela jakinaraztea edota gure iritzia emateko aukera luzatu izana gustatuko litzaiguke”.
Herritarren parte hartzeari garrantzia emango zion egitasmo horretan herritarrek ez dutela parte hartze datuen berri eduki ere nabarmendu dute. “Zenbatekoa izan da parte hartzea? Jaso al du udalak beste proposamenik? Zer iritzi daukate herritarrek eragileak kontuan ez hartzearen inguruan?”, galdetu dute.