Zapatuan banatuko dituzte 43. Euskal Zine Bileraren lehiaketako sariak
Amaierako jaialdiagaz gainera, sari banaketa eta sarituen filmak ikusteko aukera eskainiko du 19:30ean hasiko den ekitaldiak.
Azken Txanpa besterik ez zaio geratzen 43. Euskal Zine Bilerari. Lehiaketako film laburren azken proiekzioa egin zuten atzo [azaroak 26], eta bihar [azaroak 28] gauean emango dituzte ezagutzera 43. jaialdiko irabazleak. Sari banaketa ekitaldia ere zine bileraren webgunearen bidez jarraitzeko aukera edukiko dute zinemazaleek. Amaierako jaialdiagaz gainera, sari banaketa eta sarituen filmak ikusteko aukera eskainiko du 19:30ean hasiko den jardunaldiak.
Ekitaldi horren baitan egingo diote bai eta ere Pascal Gaigne musikariari omenaldia. Urtero, EZBk Euskal Zinemaren Begirada jartzen du euska ikus-entzunezkoetan esanguratsua den pertsona, gertaera edo egitasmo baten gainean. Aurten Gaigneri egin nahi diote bere ekarpenaren aitortza.
Jakitera eman dutenez, Pascal Gaigne kasualitatez heldu zen euskal zinemagintzaren mundura. Amaia Zubiriarekin musikari lanetan ari zela, Arantxa Urretabizkaiak eta Xabier Elorriagak Zergatik Panpox? (1985) filmerako musika egiteko eskatu zioten. «Ordutik, munduko hainbat tokitako ekoizpenetan lan egin du, eta euskal filmerik garrantzitsuenetako batzuk musikatu ditu, tartean Moriarty ekoiztetxeko lagunen ia film guztiak». Handia (2017) filmen egindako lanagatik, Goya saria irabazi zuen.
Pascal Gaignek musika jarri dien euskal filmeei errepasoa egingo zaio ekitaldian. Izan ere, erreportaje bat prestatu dute protagonistagaz.
Solasaldiak. Ikus entzunezkoen sektoreak ere edukiko du tartea bileran. (H)emen plataformagaz elkarlanean, profesionalen laugarren topaketa antolatu dute. Emakumeak formatu berrietan gaitzat hartuta, solasaldia eskeiniko dute bihar [azaroak 28] 11:30ean. Horretan parte hartuko dute: Ylenia Baglieto aktoreak (Etxekoak…), Maddi Castrok (Pikuak proiektuko kidea) eta Rose of Dollsek (Bizi txarra proiektua). Moderatzaile lanetan arituko da, berriz, Miren Manias.
Zoom atalaren barruan, euskara hutsez egiten den Hazparneko Zinegin festibalagaz zuzeneko konexioa egingo da. Bihar [azaroak 28] 21:00etan emango dute Zinegin gaualdi berezia, film laburrei eskainitako gaualdia. Eta, domekan [azaroak 29] bi solasaldi jarraitu ahalko dira: Eragileak Solasean saioa, 16:00etan, Euskal Zine Bileraren, Zineginen, (H)emen elkartearen, Gastibeltza Filmaken eta Zine-Laben parte hartzeagaz, eta jarraian, ikus-entzunezkoek Euskal Herriko gatazka zelan kontatu duten aztertuko dute Urtzi Urkizu Berriako kazetariaren gidaritzapean.
Palmaresaren emanaldiagaz amaituko da aurtengo bilera; domekan [azaroak 29], 19:00etan egongo dira 43. EZBren lan irabazleak ikusgai.