'Luze edo motz' ikuskizunagaz gozatu dute Etxebarrian
Euskaraldiaren baitan antolatu dute ikuskizuna. Euskara Egunerako ere prestatzen ari dira.
Euskaraldiaren ekimenekin jarraituz, Luze edo motz ikuskizuna eduki zuten joan den barikuan [azaroak 27] Etxebarrian. Hainbat lagun elkartu ziren frontoian Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik estreinatu berri duten umorezko ikuskizunagaz gozatzeko. Feminismoa eta euskara izan ziren lanaren ardatzak.
Segurtasun neurriak betez jarri ziren etxebarritarrak probalekuaren partean, eta hotz apur bat egon bazen ere, “gustura” egon zirela azpimarratu dute antolatzeileek. Saioaren amaieran argazkia ere atera zuten antzezleekin batera.
Urtzi Uriarte Euksra Teknikariak aurreratu duenez, Euskara Egunerako ere, ekimen bat prestatzen ari dira Etxebarrian. Udaletxean, 18:00etatik 19:00etara, arigune ireki bat egingo dute, herritarrak hurbildu eta Euskararen osasuna Etxebarrian gaiaren inguruan ordu beteko solasaldia egiteko. Herritarrek euren usteak plazaratu eta horren inguruan hausnarketa bat egitea dute asmoa.