Erantzukizunak argitzea eskatu du Zaldibar Argituk
Zabortegia erori zenetik hamar hilabete betetzen zirela-eta elkarretaratzeak egin ziren atzo [abenduak 6] Etxebarrian eta Markina-Xemeinen. Zallan, Zaldibarren, Elgetan eta Ermuan ere mobilizazioak egon ziren.
Euripean ere kalera irten ziren atzo [abenduak 6] herritarrak Zaldibarko zabortegiaren erorketa argitzea eskatzeko. Zaldibar Argitu plataformak deituta mobilizazioak egon ziren Zallan, Zaldibarren, Elgetan, Ermuan baita Etxebarrian eta Markina-Xemeinen ere. 10 hilabete bete ziren atzo hondamendia gertatu zenetik eta oraindik gertakaria argitzeko dagoela salatu zuten.
Plataformakoek aurreratu zutenez, ekimen bat prestatzen ari dira urteurrenari begira, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartagaz batera herri-akusazio modura aurkeztu diren Zaldibarko zabortegiaren auziaren gaineko epaiketaren berri ere eman zuten. Azaldu zutenez, epaiketa “astiro-astiro” doa.
“10 hilabete bete dira zabortegiaren erorketatik eta inork ez du erantzukizunik beregain hartu. Erantzuleak egon badaude eta izen abizenak dauzkaten norbanako zein erakundeak daude tartean. Ezin dugu gertatutakoa ahaztu”, diote plataformakoek.
Atzoko mobilizazioetan ere gogoan izan zituzten luiziak harrapatu zituen Verter Recycling enpresako langile biak, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Sololuzeren gorpua abuztuaren 19an aurkitu zuten, baina Beltranek desagertuta jarraitzen du oraindik.