Gabonetako argiak piztu dituzte Lekeition eta Markina-Xemeinen
Ekitaldi bereziak egin zituzten barikuan [abenduak 4] Lea-Artibaiko udalerri bietan.
Gabonak heltzeko egun gutxi batzuk geratzen direla-eta, argiak piztu dituzte Lekeition eta Markina-Xemeinen. Herriko hainbat kale eta plazatan jarri dituzte gauez kaleak apaintzeko argiak, udalaren eta herriko merkatari elkartearen ekimenez. Ekitaldi bereziak egin zituzten barikuan [abenduak 4] Lea-Artibaiko udalerri bietan.
Lekeitioko Udalak eta Kitto merkatari elkarteak elkarlanean herrian zehar jarri dituzten Gabonetako argiak 19:00etan piztu zituzten atzera kontaketa bat eginez. Kitto elkartekoek eskerrak eman zizkieten herritarrei “euren babesagaz herriko merkataritza piztuta mantentzen laguntzeagatik”.
Aurtengo Gabonak desberdinak izango badira ere, argiteriarekin behintzat giroa alaitu eta egun berezi hauetako xarma mantentzea dute helburu.
18:00etan piztu zituzten argiak Markina-Xemeinen. Gabon argien piztuera ekitaldian udal ordezkariek eta Hemen Be Bai merkatari elkarteko kideek parte hartu zuten. Gabonei begira, Markina-Xemeingo kaleetako giroa alaitu eta herriko merkataritza piztea dute helburu: “aurten, inoiz baino gehiago, herritarrak herrian bertan erostera animatuz, bertokoa babestuz eta alkar zainduz”.
Iazko modura, bola erraldoi bat jarri dute Goiko Portalean eta Bizenta Mogel parkeko zuhaitza ere argiztatu dute. Horrez gain, Hemen be bai elkartekoek hala proposatuta, herriko beste gune batzuetan ere jarri dituzte Gabonetako argiak: Artibai kaleko Olibondoan, Frai Bartolome kalean eta Abesua kalean.
Argiak pizteagaz batera hasi dira baita Hemen be bai elkarteko merkatari eta ostalariak Gabonetako zozketaren txartelak banatzen ere. Eta, aurreratu dutenez, zozketa urtarrilaren 5ean egingo dute sare sozialen bidez.
Martxan dago bai eta ere #piztudendak 2020 argazki lehiaketa. Aurtengo gaia Piztu dendak, piztu Markina-Xemein izango da, eta egile bakoitzak nahi beste argazki igo ahalko ditu Facebook edo Instagramera #piztudendak2020 traola erabilita. Abenduaren 18ra arte igo ahalko dira argazkiak.