'Kresaletik' bildumako bigarren lana argitaratu du Aitor Iturbe Gabikagojeaskoa historialari lekeitiarrak
1884tik 1936ko gerra hasi aurreko tartean Lekeitiori buruz idatzi, margotu edo argazkien bidez ateratako guztia bildu eta aztertzen du Iturbek bildumaren bigarren zenbakian.
Kalean dago Aitor Iturbe Gabikagojeaskoa historialari lekeitiarraren Kresaletik bildumako bigarren liburua: Lekeitio, idatziak eta irudiak: 1884-1936. Izenburuak argitzen duen modura, 1884tik 1936ko gerra hasi aurreko tartean Lekeitiori buruz idatzi, margotu edo argazkien bidez ateratako guztia bildu eta aztertzen du Iturbek bildumaren bigarren zenbakian: agiriak, eskutitzak, artikuluak, planoak, mapak, grabatuak, margolanak eta arte adierazpide ugari.
Horrela, Lekeitioren inguruan adituek idatzitakoak irakurri eta artista ezagunek egindako lanak ikusi ahal dira lekeitiarraren lan berrian: Fernando Colmenares, Anselmo Guinea, R.M. Azkue, Jorge Semprun, Antonio Rivera, Eulalia Abaitua, Joaquin Sorolla, Julian Tellaetxe, Julian IbaƱez Aldekoa, Enrique Guinea Maquibar, Angel Garavilla, eta abar.
Bildumako lehen lanean, argazki aurreko Lekeitio erakutsi zuen Iturbek, irudi, koadro, akuarela eta litografien bidez. Bigarren liburuan argazki asko eta, batez ere, orain arte ezagutzen ez direnak gehitu ditu.
Kresaletik liburu-bilduma herriko ondarea ezagutarazteko asmoagaz sortu zen iaz, eta aurtengo azaroaren amaieran kaleratu dute bigarren zenbakia. Liburuak, guztira, 300 orrialde ditu, eta Lekeitioko Udalaren babesagaz argitaratu da. Herriko liburu dendetan dago salgai.