Lekeitio eta Markina-Xemein itxiko dituzte, gutxienez martitzenera arte
Eusko Jaurlaritzak gaur [urtarrilak 14] argitaratu du gune gorrian dauden herrien zerrenda eguneratua. Lekeitiok eta Markina-Xemeinek 830,22 eta 776,12ko intzidentzia tasa daukate. Ondorioz, bihartik aurrera [urtarrilak 15], bi herri horiek perimetralki itxita geratuko dira, eta ostalaritza establezimenduak ere itxi egingo dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren azken txosten epidemiologikoaren arabera [urtarrilak 14], Lea-Artibai eta Mutriku mailan Markina-Xemein eta Lekeitio dira gune gorrian dauden herriak. Zehaztu dutenez, Lekeitiok 14 egunean metatutako intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 830,22koa dauka, eta Markina-Xemeinek 776,12koa. Astelehenean [urtarrilak 11] Ispaster eremu gorrian zegoela agertzen bazen ere, azken egunetako intzidentzia baxuak eremu horretatik atera du.
Beraz, barikutik aurrera [urtarrilak 15] Lekeitio eta Markina-Xemein perimetralki itxita geratuko dira, eta bi herri horietako ostalaritza establezimenduak ere itxi egingo dira. Herri horietako bizilagunek ezingo dute herritik atera, arrazoituta ez bada; alboko herrietara ere ezingo dira joan arrazoi sozioekonomikoengatik. Jaurlaritzak astelehenean [urtarrilak 18] argitaratuko du gune gorrian dauden herrien zerrenda eguneratua, eta, ondorioz, Lekeitio eta Markina-Xemein, eremu gorrian dauden gainontzeko herriak modura, itxita egongo dira gutxienez martitzenera arte. Hau da, asteleheneko txostenean bi herrietako intzidentzia tasa 500etik beherakoa balitz, martitzenetik aurrera bi herri horietako ostalaritza esablezimenduak zabalduko lituzkete, eta herriak ere perimetralki zabalduko egingo lirateke.
Ondokoak dira gune gorrian dauden Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gainontzeko herriak:
- 5.000 biztanle baino gehiago dutenak: Lekeitio (830,22), Markina-Xemein (776,12), Bermeo (792,43), Gernika-Lumo (517,61), Amorebieta-Etxano (803,53), Agurain (635,16), Muskiz (1.016,18), Andoain (707,23), Beasain (741,74), Zumaia (824,26) eta Villabona (659,12).
- 5.000 biztanle baino gutxiago dutenak: Mundaka (759,63), Sondika (705,78), Zamudio (1.961,97), Aizarnazabal (8.062,42), Berastegi (855,51), Ibarra (580,59), Zegama (591,72) Asparrena (1.980,20) eta San Millan/Donemiliaga (964,19).
Aipatu behar da Jaurlaritzak gune gorrian dauden herriei ezarritako neurri bereziak kontuan hartzeaz gain, Lekeitioko Udalak oraindik ere neurriak gehiago zorroztu dituela. Ildo beretik, Markina-Xemeingo Udalak ere neurri murriztaile gehiago hartu ditu: aforoak egokitu ditu, udal eraikinetan bilerak egitea debekatu du eta kultur aretoa itxi egingo dute. “Jolasguneak ere itxi egingo dira, eta herriko sarrera-irteeretan Udaltzaingoak kontrolak egingo ditu”.
Bestalde, Markina-Xemeingo Udalak jakinarazi du gutxienez datozen 15 egunetan PCR probak Uni frontoi barruan egingo dituztela, eta ez orain arte modura frontoiaren atzeko aldean. “Frontoian gas galdera berria jartzeko lanak hasiko dira, eta hori da lekualdatzearen arrazoia”. Zehaztu dute sarrera-irteerak atzealdetik egingo direla, orain arte modura, osasun etxe ondoko bidetik joanda.
Lea-Artibai eta Mutrikuko egoera epidemiologikoa. Azken 24 orduetan 12 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 6 Lekeition, 4 Markina-Xemeinen eta bana Mutrikun eta Ziortza-Bolibarren. Ondarroak gune horian egoten jarraitzen du, eta Mutrikuk laranjan.