Markina-Xemein, Lekeitio eta Ziortza-Bolibar, eremu gorrian
Lekeitiok eta Markina-Xemeinek itxita egoten jarraituko dute, eta azken orduetan Ziortza-Bolibar ere eremu gorrian sartu da. Ondorioz, azken hori ere itxita egongo da, gutxienez barikura arte [urtarrilak 22]. Azken hiru egunetan 36 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun.
Eusko Jaurlaritzak eremu gorrian dauden herrien zerrenda eguneratu du gaur [urtarrilak 18]. Horren arabera, Markina-Xemeinek eta Lekeitiok gune gorrian egoten jarraitzen dute, eta, ondorioz, itxita egoten jarraituko dute gutxienez barikura arte [urtarrilak 22]. Azken orduetan, baina, Ziortza-Bolibar ere eremu gorrian sartu da positibo berri bat atzeman dutelako, eta bihartik aurrera [urtarrilak 19] perimetralki itxita geratuko da; herri horretako ostalaritza establezimenduak ere itxi egin beharko dituzte.
Oro har, gune gorrian dauden herrien zerrenda gero eta luzeagoa da, bai 5.000 biztanle baino gehiago dituztenena eta baita ere 5.000 biztanle baino gutxiago dituztenena. Joan den astean zehaztu modura, perimetralki itxita dauden herrien zerrenda eguenean [urtarrilak 21] eguneratuko dute, eta orduan jakingo da barikutik [urtarrilak 22] aurrera zeintzuk mantenduko diren itxita eta zeintzuk ez.
Intzidentzia tasak. Azken 14 egunetako intzidentzia tasa zer edo zer hobetu da Lekeition; barikuko [urtarrilak 15] txosten epidemiologikoak zioen 871,73ko tasa zeukala, gaurkoak [urtarrilak 18], baina, 844,06koa daukala jasotzen du. Markina-Xemeingo egoera bestelakoa da: 796,02ko tasa edukitzetik 1.034,83ko tasa edukitzera pasa da. Ondarroari dagokionez, gune laranjan egotegik berriro ere gune horian egotera pasa da; 326,84ko tasa edukitzetik 280,14ko tasa edukitzera pasa da.
Positibo berriak. Azken hiru egunetan 36 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun: 13 Markina-Xemeinen, 13 Lekeition, 4 Ondarroan, 2 Mutrikun eta bana Amoroton, Berriatuan, Etxebarrian eta Ziortza-Bolibarren.
Guztira, joan den aste osoan [urtarrilaren 11tik 17ra] COVID-19arekin kutsatutako 91 kasu erregistratu zituzten Lea-Artibai eta Mutrikun; gehien Markina-Xemeinen erregistratu zituzten:
- Markina-Xemein: 35
- Lekeitio: 31
- Mutriku: 10
- Ondarroa: 7
- Ziortza-Bolibar: 3
- Amoroto: 1
- Berriatua: 1
- Etxebarria: 2
- Munitibar: 1
- Aulesti: 0
- Gizaburuaga: 0
- Mendexa: 0
- Ispaster: 0