Zirku ikuskizuna eta Apalatxe taldearen kontzertua egingo dituzte zapatuan [urtarrilak 23]. Ekintza bietarako ezinbestekoa da aste honetan udaletxean (goizetan) edo liburutegian (arratsaldeetan) izena ematea.
Munitibarko Kultura eta Jai batzordeak 2021eko San Bizente jaiak bi ekintzara mugatzea erabaki du.
Zapatuan [urtarrilak 23] ospatuko dituzte sanbizenteak. Rojo Telon antzerki eta zirko konpainiakoek Haiek naiz zirko ikuskizuna eskainiko dute 12:30ean hasita, frontoian. 50 pertsonako aforo mugatua edukiko dute bertan. 19:00etan, berriz, Apalatxe taldearen kontzertuaz gozatu ahalko dute herritarrek, udal aretoan. Emanaldi horretan 28 pertsonako aforoa edukiko dute.
Segurtasun neurriak errespetatzea ahalbidetzen duten ekitaldiak izango dira, eta horietan egon nahi dutenek derrigorrez aldez aurretik izena eman behar dute udaletxean, 09:30etik 14:00etara edo liburutegian, 16:00etatik 20:00etara. Barikura arte izena eman daiteke. Jakinarazi dute jarleku guztiak betetzen ez badira, egunean bertan ere sartzeko aukera egongo dela.
Protokoloa. Aipatu ekintzak Munitibarko Udalak idatzitako protokoloan zehazten diren baldintza eta segurtasun neurriak errespetatuz egingo dituzte. Hortaz, distantziak mantentzea, eskuak garbitzea eta maskararen erabilera derrigorra izateaz gain, frontoira eta udal aretora sartu aurretik tenperatuta hartuko diete bertaratzen direnei: “Kultura eta Jai batzordetik Covid-19ak ekar ditzazkeen berragertzeekin kontziente izateko, segurtasun neurri orokorrak betetzeko eta arduraz jokatzeko deia egin nahi die Munitibartarrei; inguruan asko dira eremu gorrira pasatzen ari diren herriak eta Munitibarren hori ez gertatzeko ahaleginak egin behar ditugu”.