Nahia Quincoces bi dominagaz bueltatu da Espainiako Txapelketatik
Mendi Eskiko Euskal Selekzioagaz Espainiako Txapelketaren banakakoan eta taldekako errelebokoan brontzezko dominak lortu ditu mendexarrak.
Lleidako pirinioetan, Boi Taull eski estazioan (Herrialde Katalanak) lau egunez lehiatu dituzte Mendi Eskiko Espainiako Txapelketak, eta Nahia Quincoces mendexarrak bi brontzezko domina irabazi ditu. Balorazio positiboa egin du eskualdeko mendi eskiatzaileak: “Aurretik gutxigorabehera banekien fisikoki ze mailatan nagoen, eta hori kontutan hartuta, pozik nago egindako lasterketekin”.
Barikuko banakakoan hirugarrena izan zen mendexarra. Ana Alonso geratu zen txapeldun, 01.45,53 denboragaz, eta Marta Garciak (01.46,44) eta Quincocesek (01.52,22) osatu zuten podiuma. Aurrekoekin lehiatik hurbilago egon izana gustatuko litzaiokeela dio: “Hasieran lehenengo eta bigarrenekin batera joan nintzen, baina, ihes egin zidaten eta ezin izan nuen euren kontra lehiatu. Pena pixka batekin geratu nintzen. Eurek ihes egitean neure lasterketa egin behar izan nuen, laugarrenak harrapatzen ez zidala ikusiz”. Hala ere, asko gozatu zuen. Haizearen ondorioz, 1.800 m-ko desnibel positiboa zeukan zirkuitua egokitu behar izan zuten. “Pisten inguruan izan behar izan zen, baina zirkuitua polita izan zen. Bi buelta eman genizkion zirkuito berdinari, eta sentsazio nahiko onekin egin nuen, gustura”.
Eguenean lehiatu zuten lehen proba, eta taldekako erreleboetan brontzezko domina irabazita, ezinhobeto hasi zuten txapelketa Euskal Herriko eskiatzaileek. Andaluzia izan zen onena, 35 minutu eta bi segundoko denboragaz. Madrilentzat izan zen zilarra (35.36), eta Euskal Selekzioak 37 minutu eta 15 segundoko marka egin zuen.
Quincocessegaz batera aritu ziren euskal selekzioaren taldean Iñigo Martinez de Albornoz, Gartzen Elejabarrieta eta Aitor Ajuria otxandioarraren lekua hartu zuen Aimar Murua andoaindar gaztea. Mendexarra atera zen lehenengo. “Halakoetan txandaka egiten dugu zirkuitu berdina, eta bata besteari testigua pasatzen diogu. Lehenengo egin nuenez, gero disfrutatu egin nuen besteak euren txandan ikustean”.
Atzo izan zuten azken proba, eta Quincoces bosgarren (33.53) sailkatu zen igoera bertikalean. Ez zen beste batzuetan besteko indartsu sentitu, baina “zeukan dena” eman zuen: “Txapelketak horixe dauka; proba asko dira segituan, eta indarrak gastatzen joaten dira”. Lainoa izan zen eguneko protagonista nagusia txapelketen azken egunean. 700 metroko desnibel positiboa saihestu behar izan zuten igoeran. Marta Garcia (30.57) kataluniarrak irabazi zuen lasterketa. Euskal Selekzioko nesken artean, Igone Campos (33.05) izan ze onena helmugan. Laugarren postuan amaitu zuen igoera zumarragarrak.
Barikuan esprint lasterketa egitekoak ziren, baina bertan behera utzi behar izan zuten, haize gehiegi zegoelako: “Pena izan zen, baina mendiko eskiak horixe dauka”.
Bi aste barru Munduko Koparen bigarren proba. Denboraldi hasiera denez, oraindik lasterketa asko geratzen zaizkiela eta lanean segituko duela nabarmendu du Quincocesek. Hain zuzen, Espainiako txapelketaren ostean, Munduko Koparen bigarren probara begira dago. Urtarrilaren azken asteburuan lehiatuko dute Suitzan. Gaur jakinaraziko dute Espainiako selekzioagaz lehiatzeko hautatuen zerrenda, eta horien artean egotea espero du.