Ostalaritza sektoreari bultzada emateko laguntzak eskainiko ditu Lekeitioko Udalak
Itxita dauden bitartean ez dituzte udal tributuak ordaindu beharko, eta ateak irekitzen dituztenean ere erraztasunak izango dituztela ere iragarri du udalak.
Pandemiaren eraginez, Lekeitio gune gorrian sartzean, ostalaritza establezimenduek ateak itxi egin behar izan dituzte berriro ere Lekeition, eta ezohiko egoera horren aurrean laguntzeko asmoz, sektoreari laguntzeko neurriak berretsi eta martxan jartzea onartu du Lekeitioko udalaren gobernu batzordeak. Ostalaritzari bultzada emateko neurri zehatzak jarriko dituztela abian iragarri dute.
Lekeitioko Udalak bestelako laguntza batzuk ere eskaini dizkie sektore honetan lan egiten dutenei. Esaterako, taberna eta jatetxeak itxita dauden bitartean ez dituzte udal tributuak ordaindu beharko. Hau da, establezimenduak itxita mantentzeko agindua dagoen epeetan terraza, zabor, estolderia eta toldoak jartzeagatik ez dute ordaindu beharko. Era berean, itxita dauden bitartean, udal jabetzarenak diren tabernek ez dute alokairurik ordaindu beharko. “Tabernei erraztasunak eman nahi zaizkie egoera honetatik irten arte”, azpimarratu dute.
Ostalaritza establezimenduek ateak irekitzen dituztenean ere erraztasunak izango dituztela ere azaldu du udalak, terrazen erabilera arautzen duen ordenantzaren bidez: “Terraza jartzea eta hauen tamaina handitzea ahalbidetuko da alarma egoerak iraun bitartean, hau da, maiatzaren 9ra arte. Aurretik ere, 2020an, abenduaren 31ra arte eman zen aukera hau eta, orain, neurri honen epea luzatzea onartu da”.
Bestalde, eskualdeko beste hainbat udalekin batera, Garapen Agentziaren bitartez ostalaritzari zuzeneko diru laguntzak bideratzea onartu du udal gobernuak. Diru laguntzak hirugarren aldiz emango dituzte, eta jakitera eman dutenez, azken deialdian Lekeitioko 54 establezimendu izan ziren onuradunak eta bakoitzari 550 euro eman zizkieten.
“Neurri guzti hauekin, Lekeitioko ostalaritzaren irekiera erraztu nahi da eta bertan lan egiten dutenek modu duin batean lanean jarraitu ahal izatea”.