Unai Goitia aulestiarra bosgarren sailkatu da Euskadiko Txapelketan
Euskadiko ingude jasotze eta lokotx batze txapelketan lehiatu zituzten zapatuan, Abadiñoko Matiena auzoko Traña frontoian, eta Unai Goitia Goitiandia aulestiarrak bosgarren egin zuen ingude proban. Bere lehenengo aldian, lan polita egin zuen Mutrikuko Sokatira Taldeko kideak.
18 kiloko ingudeagaz ahalik eta jasoaldi gehien egin behar zituzten minutu eta erdian, eta Gorka Etxeberria gipuzkoarra geratu zen txapeldun, 87 jasoaldigaz. Kopuru beragaz Iosu Marturet nafarrak lortu zuen bigarren postua, eta bat gutxiagogaz, Josetxo Urrutiak hirugarrena. 78 jasoaldi egin zituen Goitia aulestiarrak.
Emakumezkoetan, Karmele Gisasolak egin zituen jasoaldi gehien; 97 jasoaldiko marka egin zuen, eta sei gutxiago egin zituen Valentina Rangel bigarrenak. Nerea Egurrolak osatu zuen podiuma, 90 jasoaldigaz.
Bestalde, lokotx batzean, kirolari bakoitzak 1,25 metrotara eta bi lerrotan jarritako 50 lokotx batu behar izan zituen. Zortzi probalarik lehiatu zuten txapelketa, eta denak sartu ziren minutu eta erdiren barruan. Unai Iantzi nafarrak egin zuen denborarik onena: 6 minutu eta 2 segundo. Harengandik 12 segundora geratu zen Aitor Blanco nafarra, eta Aritz Martin bizkaitarrak txapeldunak baino 20 segundo gehiago behar izan zituen lanak burutzeko.
Emakumezkoen lehian, 7 minutu eta 32 segundo egin zituen Ainhoa Iraizoz txapeldunak. Nafarrak 24 segundo atera zizkion Maika Ariztegi bigarrenari, eta Zuriñe Frutos arabarra hirugarren geratu zen, 8 minutu eta 13 segundoko denboragaz.