Bizkaia Kirola Sarietan finalista izan da Lekeitioko Tximista atletismo taldea
Bi arlotan egon da sailkatuta Bizkaia Kirol Sarietarako: Entrenatzaile onenaren kategorian eta Kirol erakunde onenaren kategorian.
Sei kategoriatan banatzen ditu sariak Bizkaiko Foru Aldundiak (kirolaria, entrenatzailea, erakundea, zuzendaritzako langilea edo laguntzailea, taldea eta arbitroa), eta Tximista atletismo taldea sarietarako sailkatuta egon da bi arlotan, kirol elkarte modura eta Jose Salio entrenatzaile bezala. Bietan finalista geratu da.
Bizkaia Kirolak Sariak kirol aitorpenerako ekitaldi bat da eta, horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, urtero, lurraldeko oinarrizko kirolean dagoen talentua eta kalitatea ikusarazi eta balioetsi nahi ditu. Hamabosgarren edizioan 2019.urtean lortutako kirol merezimenduak hartu dituzte kontuan.
Kirolari eta talde gisa sailkatzeko, epaimahaikideek ezarritako irizpideak 2019. urtean lortutako kirol-merezimenduak izan dira, hau da, bertako zein nazioarteko txapelketetan lortutako titulu edo dominak. Bestalde, entrenatzaile eta arbitroen kategorietan Bizkaiko oinarrizko kirola garatzeko egindako ekarpena eta lortutako kirol merezimenduak baloratu dituzte.
2019ko sarituak honako hauek izan dira: kirolari-kategorian, Jone Magdaleno Albizu taekwondoko kirolaria; entrenatzaile onenaren kategorian, Jose Mario Lopez Villalibre (saskibaloia); erakunde-kategorian, Berango Atletismo Taldea (atletismoa); zuzendaritzako langile onenaren kategorian, Naia Fernandez Veiga (saskibaloia); talde onenaren kategorian, Abra Itsas Kirol Errege Klubeko eta Sporting Errege Klubeko Jose Luis de Ugarte Bela Eskola taldea; eta, azkenik, entrenatzaile onenaren kategorian, Fernando Oteo Fernandez (ping-ponga).