Lea-Artibai eta Mutrikuko intzidentzia tasa nabarmen jaitsi da astebetean
Azken 24 orduetan hiru kasu gehiago erregistratu dituzte: 1 Amoroton, 1 Etxebarrian eta 1 Ondarroan. Hain zuzen ere, Amoroton eta Etxebarrian igo da intzidentzia tasa, baina gainerako herrietan behera egin du. Lekeitioko Uribarren Abaroako egoiliarrei txertoaren bigarren dosia ipini diete gaur.
Azken 24 orduetan COVID-19arekin kutsatutako hiru kasu erregistratu dituzte Lea-Artibain; Mutrikun ez dute kasu berririk erregistratu. Hain zuzen, Amoroton, Etxebarrian eta Ondarroan erregistratu dituzte kasu berriak, bana herri bakoitzean. Hala, aipagarria da astebetean Lea-Artibai eta Mutrikuko intzidentzia tasak edukitako beherakada.
Aipagarria da Lekeitio eta Markina-Xemeingo egoera. Izan ere, duela astebete egunero, batazbeste 5 positibo atzematen zituzten. Baina momentuz, asteon kasurik atzeman ez edo baten bat erregistratu dute.
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du egoera egonkortzen ari bada ere, ez dela Aste Santuan pentsatzeko sasoia. “Oraindik ezin gara erlaxatu. Ez dut uste bi hilabetean gauzak horrenbeste hobetuko direnik”. Dena dela, beheranzko joera egonkortuko balitz, neurri murriztaileren bat edo beste kendu ahalko luketela gaineratu du.
Gaur gaurkoz, ondokoa da herriz herriko intzidentzia tasa:
- Amoroto: 481,93 (24 ordutan 240 puntu igo da)
- Aulesti: 299,40
- Berriatua: 556,88
- Etxebarria: 402,68 (24 ordutan ia 150 puntu igo da)
- Gizaburuaga: 2.000
- Ispaster: 134,41
- Lekeitio: 802,55 (24 ordutan ia 70 puntu jaitsi da)
- Markina-Xemein: 1.293,53 (24 ordutan ia 200 puntu jaitsi da)
- Mendexa: 1.059,32
- Munitibar: 873,36 (24 ordutan 200 puntu jaitsi da)
- Mutriku: 357,55 (24 ordutan ia 80 puntu jaitsi da)
- Ondarroa: 338,51 (24 ordutan ia 15 puntu jaitsi da)
- Ziortza-Bolibar: 1.366,74 (24 ordutan 200 puntu baino gehiago jaitsi da)
Bestalde, gaur [otsailak 3], COVID-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia ipini diete Lekeitioko Uribarren Abaroa egoitzako egoiliar eta langileei. Txertoak eragina egiteko behar duen zazpi egunak pasatu ondoren, beraz, Uribarren Abaroakoak ere immunitatea lortuko dute. Gainera, azpimarratzekoa da pandemia osoan Uribarren Abaroan ez dutela positibo bakar bat bera ere eduki.