Simon Bolivarren bizitzari buruzko unitate didaktikoa aurkeztuko dute Ziortza-Bolibarren
Ekitaldia barikuan [otsailak 5] izango da, 18:00etan, Ziortza-Bolibarko frontoian.
Simon Bolivar Museoak antolatuta, Simon Bolivar Askatzailea-ren bizitzari buruzko unitate didaktikoaren aurkezpena egingo dute barikuan [otsailak 5], 18:00etan, Ziortza-Bolibarko frontoian. Ekitaldian unitate didaktikoko irudiak egin dituen Eñaut Aiartzaguena marrazkilari eta gidoigileak parte hartuko duela aurreratu dute. Ekitaldiaren amaieran, Lorea Zulaika herriko musikariak kontzertua eskainiko du.
Unitate didaktikoaren aurkezpena azken urteetan Ziortza-Bolibarko Udalak martxan jarritako kanpainaren jarraipena da. Izan ere, udalak Simon Bolivarren irudia balioan jarri nahi du. Apartera joan barik, abenduan, Askatzailearen heriotzaren 140. urteurrenean, udalak ekitaldi bat egin zuen Simon Bolivar Museoan. Ekitaldi horretan, hain zuzen, Askatzailea “gaurkotasun handiko pertsona” dela azpimarratu eta Simon Bolivarregaz Euskal Herria munduko mapan kokatzera deitu zuten. Gainera, Bolivarrek utzitako legatua oinarri hartuta Gorka Larrañaga irudi sortzaile azkoitiarrak Ziortza-Bolibarko Udalarentzako egindako koadro garaikidea bistaratu zuten –beheko argazkian–.