Lekeitioko igerilekua erabiltzeko aurretik txanda hartu behar dela gogorarazi dute
Kalea 24 ordu aurretik gorde behar da. 65 urtetik gorakoek lehentasuna edukiko dute ordu batzuetan.
Momentu honetako egoera dela eta, neurri bereziekin jarraitzen dute Lekeitioko igerilekuan. Besteak beste, igerilekura joan ahal izateko, aurretik txanda hartu behar dela gogora ekarri du udalak. Kalea 24 ordu aurretik gorde behar da, eta horretarako kiroldegira (94-624 30 05) deitu behar da.
65 urtetik gorakoek lehentasuna edukiko dute 08:00etatik 11:00etara. Zehaztu dutenez, ordu horietako bakoitzean hiru bazkideentzako kalea gordetzen dute. Horretarako, aurreko eguneko 12:00ak aurretik hartu beharko dute txanda. “Ordu horretatik aurrera, eta oraindik lekua badago, beste bazkideei ere kalea hartzeko aukera emango zaie”, azaldu dute.
Igerilekuko bazkideek, orokorrean, banakako txanda hartu ahalko du. Hala ere, 10 urtetik beherako umeen kasuan, guraso bat eta gehienez ere bi umerentzako txanda hartu ahalko da. “Horiek kale bera erabili beharko dute”.
Bestalde, igerileku txikian, orain arte modura, bizikidetza unitate berdineko kideek ordubeterako txanda hartu ahalko dute.