Lekeitioko Mandaska inguruak urez bete dira
Errekako urek eta lur azpiko urek gainezka egin zuten.
Asteburuko euriteek ur pilaketak eragin dituzte Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat gunetan. Handienetako bat zapatu [otsailak 6] eguerdian Lekeitioko Mandaska iturriaren inguruetan gertatutakoa izan da. Iturriotz institutuaren ostean dagoen errekako urek eta Larrotegi inguruan dauden lur azpiko urek gainezka egin zuten, eta ur hori guztiori pilatu zen Mandaska inguruan.
Lekeitioko Udaleko beharginek azaldu dutenez, errekako urek zeramatzaten bedar eta adarrek estoldak itxi zituzten. Hori dela-eta egin zuen gainezka errekako urak. Bestalde, Larrotegi eta Letraukua auzoak dauden eremuko lur azpiko urak gainezka egin zuten eguerdiko euri-jasaren ondorioz.
Ordu pare batez ibili ziren udal beharginak, batez ere estolderiak garbitu eta errekako ura bideratzen, eta zapatu arratsaldean eta domeka goizean ere bertatik ibili ziren estoldak berriro ere ez zirela trabatzen zaintzen.