Lekeition domeka goizaldean izandako gertakariak gaitzetsi dituzte
Herriko hainbat gunetan pintaketak egin eta edukiontziak erre zituzten ezezagunek. Gertakari horiekin ez daukatela ezelako zerikusirik argitu dute Lekeitioko Gazte Koordinadora Sozialistak eta Lekeitioko Gazte Asanbladak.
Ezezagunek pintaketak egin eta edukiontziak erre zituzten domeka goizaldean [otsailak 21] Lekeitioko hainbat gunetan. Besteak beste batzokian, udaletxean eta Galarrenan egin zituzten pintaketak, eta beste batzuen artean, Ateako, Pascual Abaroako, Aita Pieleko, portuko eta Maria Diaz de Haro kaleetako edukiontziak erre zituzten; 02:30ak aldera zortzi edukiontzi erre zituzten, eta 06:00ak aldera beste hiru. Gertakari horiek salatu eta gaitzetsi dituzte Lekeitioko Udala osotzen duten alderdi biek eta Bizkai Buru Batzarrak.
Lekeitioko Udala osatzen duten EAJ eta EH Bilduk adierazpen bateratu bat kaleratu dute. Bertan, domeka goizaldeko gertaerak arbuiatzen dituztela adierazi dute, “era honetako ekintzak lekuz kanpo daudela” uste dutelako: “Elkarbizitza demokratikoaren bideak darabilzkigu gure ideiak askatasunez adierazteko”.
Garai eta portaera hauek “gaindituta” zeudela eta herriaren elkarbizitza kaltetzen duten ekintza hauekin amaitzeko “gizartearen gehiengoak duen irmotasunean, jokabide gizalegetsu eta demokratikoan” sinesten dutela azpimarratu dute, eta babes osoa adierazi diete irainak jaso dituzten pertsona eta erakundeei. ” Lekeitiar guztien onerako lan egiten jarraituko dugu, bizikidetza osasuntsu eta baketsuaren alde, errespetua eta elkartasuna oinarri hartuta, eta jokabide ez demokratiko orok ez dauka lekurik gure herrian”.
Bizkai Buru Batzarrak ere horrelako jokabideak “denboraz, tokiz eta ulermenez kanpo” daudela azpimarratu du: “Jeltzaleen egoitzan eta udaletxean Koldo Goitia herriko alkatearen eta Ertzaintzaren kontrako irainak agertu dira, eta EAJ hiltzailetzat jo dute. Horrelako jokabideak denboraz, tokiz eta ulermenez kanpo daude, eta ez dute inola ere laguntzen bizikidetzaren eta desberdinarekiko errespetuaren bidean aurrera egiten, horixe baita euskal gizartearen gehiengo zabal batek eskatzen duena, bere historiako orririk beltzenak atzean uzteko irrikan”.
BBBren esanetan, ekintza horiek agerian uzten dute “azken hilabeteotan bizi den aparteko egoeran ere badirela xantaia, mehatxua, hertsapena eta ustezko onurarako iraina erabiltzen jarraitu nahi dutenak”. Baina euskal herritarrek suntsitu beharrean eraiki egin nahi dutela esan dute: “Hitz egin, iraindu beharrean eta errespetatu, mespretxatu beharrean”.
BBBk horrelako ekintzak berehala bertan behera uzteko eskaria egin die eraso horien egileei, eta inolako ñabardurarik barik gaitzespenagaz bat egitea eskatu diete euskal alderdi politiko guztiei, “ez ideologikoa, ez estrategikoa, ez ortografikoa, ezta sintaktikoa ere”.
Zerikusirik ez. Gertakari horiekin ez daukatela ezelako zerikusirik argitu dute Lekeitioko Gazte Koordinadora Sozialistak eta Lekeitioko Gazte Asanbladak. Zenbait eremutatik zabaldutako esanek ekintza horiek eurekin lotzen zituztela eta aipamenak hedatuz zihoazela ikusita, idatzi bat kaleratu dute guztia argitzeko, eta bertan azpimarratzen dutenez, ez mugimendu sozialistak ez asanbladak ez daukate gertaera horiekin inolako zerikusirik: “Asteburu honetako gure jarduna Ondarroan eta Lekeition Pablo Haselen espetxeratzearen kontrako eta adierazpen askatasunaren debekuaren kontrako mobilizazioak egitera mugatu da, beharrezko segurtasun irizpideak bermatuta gauzatu zirenak”.
Mezu faltsuak “nahita” zabaltzea ere salatu dute: “Tamalgarria da horrelako gertaeren ostean eta, gainera, gugaz loturarik ez dutenean, gure jardunaren argipenak ematen aritu behar izatea. Gure aldetik, askatasun politikoen defentsa egiten eta bide horretan indarrak batzen jarraitzeko hautua berresten dugu”.