Kaleko argiak egokituko ditu udalak Aldamiz Etxebarria, San Inazio, Kasimiro Etxebarria eta Harbiatx auzoetan. Herri barruko errepideak ere konpontzen ari dira.
Lekeitioko Aldamiz Etxebarria, San Inazio, Kasimiro Etxebarria eta Harbiatx auzoetan argiteria hobetzeko lanak egiten dabiltza egunotan. Kaleko argiak egokituko ditu udalak, led sistema berria jarri eta energia kontsumoa eraginkorragoa izateko. Azken urteetan, herriko hainbat auzotan egin ditu udalak argiteria hobetzeko lanak. Alde zaharretik hasi ziren kaletan argi sistema aldatzen eta zatika egin ari dira aldaketa. Aste honetan hasi dute fase berria.
Bestalde, Sabino Arana etorbideko kutxatilak konpontzen ari dira. “Errepidean kokatuta egotean, autoen joan-etorriak kalteak sortzen ditu, hori dela eta, konponketa lanak egin dira”, azaldu dute. Horrez gain, asfaltoa ere jarriko dute herriko gune ezberdinetan. “Autoen joan etorriagaz errepidea hondatu egiten da eta txaplatak jartzen joan badira ere, guztia ondo ipini behar da errepideen egoera hobetzeko”. Astelehenean [martxoak 1] hasiko dituzte lanak. Horrez gain, Aldamiz Etxebarrian goi-pasabide bat egingo dutela jakitera eman dute, iriste erraztasuna hobetzeko.