Markina-Xemeingo herritarrek ere BakQ ziurtagiria eska dezakete udaletxean
Edozein gailu elektronikoren bidez administrazio publikoekin izapideak egiteko aukera eskaintzen du ziurtagiriak. Eskaria egiten lagunduko dute udaletxean.
Markina-Xemeingo udaletxean ere BakQ ziurtagiria eskuratzeko aukera izango dute herritarrek. Beste udaletxe batzuetan ere hasi dira zerbitzu hori eskaintzen, Aulestin esate baterako, eta Markina-Xemeingo Udalak ere izapide hori egiteko aukera eskaini nahi izan die herritarrei.
Herritarrentzat askotariko erabilerak dituen identifikazio baliabide bat da BakQ. Horren bidez, euskal administrazio publiko guztiekin tramite elektronikoak edo kontsultak egin ahal dira edozein gailu elektroniko erabilita. Besteak beste, agiri familiarrak, errolda agiriak, helegiteak eta zenbait lizentzia ere bideratu daitezke baliabide horren bidez.
Aktibazio kodea eskatzeko egoitza elektronikoko web formulario bat osatu behar da, eta prozesu hori guztiori egiten lagunduko dute udaletxeko Berton bulegoan (08:15-14:30). Azaldu dutenez, eskura eduki beharko da telefono mugikorra, pasahitza baliozkotzeko, eta eskaera aurrez aurre egin behar dela argitu dute, hau da, eskatzaileak nortasuna egiaztatu behar du: “nortasun agiria, telefono mugikorraren zenbakia eta posta elektronikoaren helbidea aurkeztu behar dira”.
Markina-Xemeingo udaletxeagaz gain, osasun etxean ere egin daiteke eskaria.